Uxue Urdin, musikari irundarra: “Zuzenean sortutako musika jendea une zailetan laguntzeko aukera bikaina izan daiteke”

Uxue Urdin musikari gazteak apirilaren 3an Irungo udaleko Kultura arloak Instagram bitartez antolatutako Irun Zuzenea Etxetik kontzertu jardunaldian parte hartu zuen. Ordu erdiko iraupena izan zuen kontzertuan 7 abesti propio eskaini zituen Uxue Urdin abeslariak. Emanaldia zuzenean jarraitzeko aukerarik izan ez zutenek, YouTuben Uxue Urdin izeneko kanalean edo bere instagrameko kontuan topatuko dituzte abeslari gazteak sortutako kantuak.

Noiz izan zenuen musikaren munduarekin lehen kontaktua?
Haurra nintzenean kantatzea asko gustatzen zitzaidan eta duela 9 urte gitarra jotzen hasi nintzen. Hasieran, nire artista gogokoenen abestiak jotzen hasi nintzen, baina, handik gutxira nire abesti propioak idazten hasi nintzen. Ordutik, nire abesti propioak konposatzen ditut.

Musikari dagokionez, zein da jaso duzun formakuntza?
Lehenengo urtean Irungo musika irakasle batekin klase batzuk eman nituen, baina, hortik aurrera nire kontu ikasten hasi nintzen, ikasketak direla eta nire bizilekua aldatu ostean.

Nola jaso zenuen Irun Zuzenean Etxetik kontzertuetan parte hartzeko proposamena?
Horrelako ekitaldi batean parte hartzeko ideia asko gustatu zitzaidan hasieratik, izan ere, formatu honekin Instagramen zuzenean egiten diren kontzertuen jarraitzaile sutsua naizelako eta antzeko kontzertu asko ikusi ditudalako azken egunetan zehar. Zuzenean sortutako musika jendea une zailetan laguntzeko aukera bikaina izan daiteke.

“Jardunaldiak hiriko beste musikari batzuk ezagutzeko aukera eman dit”

Hiriko kontzertu hauek onuragarriak dira bertako artisten lana ezagutzera emateko?
Bai eta ez hori bakarrik, kontzertu jardunaldiak hiriko beste musikari batzuk ezagutzeko aukera eman dit. Horregatik, ideia bikaina dela uste dut, entzuleez gainera, musikarien artean ere ezagutzeko aukera izan dugulako.

Behin kontzertua igarota, nola baloratuko zenuke?
Hasieran urduri egon arren, zuzeneko emanaldia hasi bezain laster zuzeneko kontzertu batean bezala sentitu nintzen. Asko disfrutatu nuen gehien gustatzen zaidana egiten, hau da, nire gitarrarekin batera abestea eta nik sortutako 7 abesti aukeratu nituen kontzertutako.

Publikoaren berotasuna iritsi zitzaizun?
Bai, abestien artean jendeak bidalitako iruzkinak irakurtzen saiatu nintzen, egindako galderak erantzuteko. Gainera, jendeak bidalitako iruzkin eta emotikonoen bitartez publikoa gustura zegoela ikusi ahal izan nuen. Kontzertuaren formatuarekin eroso sentitu naiz, entzuleen aurpegiak ikusi ez arren.

“Kontzertuaren formatuarekin eroso sentitu naiz, entzuleen aurpegiak ikusi ez arren”

Jendeak etxetik horrelako emanaldiak ikusteko aukera eskertzen du?
Bai, asko gainera, musikak jendea etxetik atera gabe entretenitzeko aukera ematen digulako.

Berrogeialdiak musikari denbora gehiago eskaintzeko aukera eman dizu?
Gradu Amaierako Lanean murgildurik nabil, beraz, atsedenaldietan gitarra hartzen saiatzen naiz. Hala ere, ez dut abesti berriak konpoatzeko denbora gehiegirik.

Musika berrogeialdia hobeto kudeatzeko lagungarria izan daitekeela uste duzu?
Bai, niri pertsonalki asko laguntzen nau. Izan ere, Instagram eta bestelako sare sozialen bitartez sortutako musika jaialdi eta kontzertuak jarraitzea asko gustatzen zait. Egoera ezohikoaren barnean normaltasuna eta errutina bat jarraitzen laguntzen naute horrelako ekimenek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude