Proiektuen kategorian Matilde Urcelay saria emanda, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak aintzatetsi egin du Vía Irun. Ministerioak ematen du sari hori, garraioaren, mugikortasunaren eta hiri-agendaren arloetan berdintasunaren alde lan egiten duten pertsonei edo entitateei aitorpena eskaintzeko. Sariek, gainera, ibilbide pertsonalak ere aintzatesten dituzte, eta Ines Sánchez de Madariagak jaso du oraingoan. Arkitekto hirigile honek prestatu zuen, hain zuzen, Irungo Zainketen Mugikortasun Plana genero-ikuspegia sartuta, eta trenbide-eremuaren Hirigintza Planean lan egiten duen taldeko kidea da, Irungo Udalak hartarako hautagai izateko aurkeztu eta abalatuta. Entitateen kategorian, “Ellas Vuelan Alto” elkarteak jasoko du saria. Elkarte horrek sektore aeroespazialean emakumeak agerikotasuna izan dezaten lan egiten du.
Vía Irun proiektuak joan den apirilean aurkeztu zuen hautagaitza, hirigintza inklusiboaren alde egindako lanaren bermearekin eta erakutsiz genero-ikuspegia nola txertatzen den garapen-kate osoan eta horrek eraldaketa nola eragiten duen emakumeen benetako integrazioari dagokionez. Entitate hauek izan dira Irungo hautagaitza babestu dutenak: Zaisa, Bidasoa Bizirik, Irunvi, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera, Mugikortasunaren Klusterra, Guitrans eta Mondragon Unibertsitatea.
Estatuko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratuko du Sari horien ematea, eta Jose Luis Ábalos ministroak banatutako ditu ekainaren 8an, Madrilen. Jose Antonio Santano alkatea joango da hara saria jasotzera.
José Antonio Santano alkatea harro agertu da sariagatik, Vía Irun proiektua aintzatesten duelako; izan ere, “Vía Irun potentzial handiko proiektua da, eta eskalagarritasun handikoa, dagoeneko halaxe erakutsi du-eta hirigintzan genero-ikuspegiaren esparruan, berritzailea baita, aitzindaria, erreplikatua eta jardunbide egokien eredu gisa aitortua”.
Gogoan izan behar da 2015ean, eta aitzindari izanez, Genero Ikuspegidun Plan Orokorra onetsi zuela Irunek eta 2018an lehen Mugikortasun Plana egin zuela Zainketa-ikuspegia kontuan hartuta. Urtebete geroago, lehenengo Hirigintza Plan genero-ikuspegiduna egin zen, trenbide-eremua garatzeko.
Ardurazko proiektu integratzailea
Trenbide-eremua hirigintza aldetik berritzeko eta eremu hori erdigune berria bihurtzeko proiektua da Vía Irun. Mugaz gaindiko enklabe bakarra Espainian. 40 Ha-ko lurzorua garatuko da; lehen fasean, 6 Ha.
Alkateak azpimarratu zuenez, “genero-ikuspegia proiektuaren urrats bakoitzean txertatu da hirigintza-garapenean ikuspegi inklusiboa sartuta, baina sentsibilizatuta ere bai, emakumea mugikortasunaren, logistikaren eta garraioaren sektorean sar dadin; izan ere, sektore hori funtsezkoa da Vía Irun proiektuan aurreikusitako garapen ekonomikorako, non emakumeen enplegagarritasuna % 25etik beherakoa den”.
Vía Irun proiektuak genero-ikuspegiarekin jarduten du hasieratik eta fase guztietan. Vía Irunek ondo erakusten du nolako oihartzuna duen Mugikortasun Proiektu batek hiri baten, eta bere lurraldearen, Hiri Agendan. Erakusten du, halaber, nola abiadura handiko trena etorrita eta trenbide-eremua berrantolatuta berriz ere hiria eta hiriko ekonomia bultzatuko den horrela bere historiako beste etapa bati hasiera emanez. Eta etapa berri horretan, garraioaren, mugikortasunaren eta logistikaren sektoreetan integratuta egongo dira emakumeak.
Europako atea eta Eurohiriaren eta Euroeskualdearen gune neuralgikoa den eta beste ezein bezalako mugaz gaindiko kokalekua duen hiri baten mugikortasuneko, logistikako, garraioko eta hirigintzako proiektu handi bat bezala aurkezten zen Vía Irun sari hauetara. 50.000 biztanletik gorako hiri baten proiektua da, eta garrantzi handikoa; izan ere, administrazio publikoaren eskala guztiak inplikatu ditu, Horiek batez ere mugikortasun-gaietan dihardute eta genero-ikuspegia aplikatzen ari dira, Irunek bultzatuta.
ADIFek bere nazioarteko geltoki berria Irunen proiektatzen du, Euskal Trenbide Sareak sarea hobeto integratzea eta geltoki berriak Irunen egitea proiektatzen du, Foru Aldundia mugikortasunaren, logistikaren eta garraioaren sektoreekin lotutako Hub-aren garapen ekonomikoa bultzatzen ari da, eta Irungo Udala hiriaren erdiguneko eremuaren hiri-berroneratzea garatzen ari da trenbide-inguruetan. Hori guztia, memoria honek erakusten duen bezala, genero-ikuspegia eraginkortasun handiz aplikatuz.
Esparru pribatuan genero-ikuspegia txertatzeko bidean aurrera egiteko aukera ere ematen du Vía Irun proiektuak. Mugikortasunaren, garraioaren eta logistikaren Vía Irun Hub-a lankidetza publiko-pribatuaren bidez garatzen ari da, eta partzuergo horretan sartuta daude, besteak beste, CAF eta UVESCO enpresak (nazioartean garrantzitsuak), edo Mondragon Unibertsitatea (lurraldeko enpresa-sarean eragin handikoa), edo Garraioko Patronala, edo Merkataritza Ganbera.
Vía Irun ereduak metodologia bat eskaintzen du: erakusten du munduko edozein tokitako beste hiri batzuek nola jardun dezaketen garapenen balio-kate osoan, horretarako abiapuntutzat hartuta genero-ikuspegia sartzea hiri-plangintzan, mugikortasunaren plangintzan eta mugikortasun-, logistika- eta garraio-sektoreetako jarduera ekonomikoen garapenean, horrela justizia soziala eta sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.