Washiken klubeko kirolariak Munduko Kenpo Kai txapelketan lehiatuko dira

Washiken kluba kenpo-kai japoniar arte martziala praktikatzen duen klub bat da. Alain Isasa shihan-aren eskolen zuzendaritzapean, haur zein helduek hartzen dute parte. Irailaren 27tik urriaren 1era Tunisian jokatuko den Munduko Kenpo-kai txapelketan lehiatuko da klubeko beste lau lehiakiderekin batera. Alain Isasak kenpo-kai arte martziala zertan datzan azaldu du.

Nola sortu zen Washiken kluba Irunen?

Orain dela 8 bat urte lagun bat eta ni elkartu ginen. Berak nirekin praktikatzen zuen Oiartzunen eta, bera Irungoa zenez, Irunen talde txiki bat ateratzen saiatu ginen. Artiako lokal txiki batean hasi ginen eta jendeak geroz eta ilusio handiagoarekin praktikatzen zuela ikusi genuen eta azkenean Kirola Agimnasioan bukatu genuen.

Zertan desberdintzen da kenpo-kaia beste arte martzialetatik?

Kenpo-kaia arte martzial tradizional bat da eta Japonian du jatorria. Estetikoki karatearen antza handia du, kimono txuri eta arinarekin. Judoan berriz, kimonoak lodiagoak dira eta heltzeko prestatuagoak daude. Estetikoki karatearekin lotu arren, oso ezberdina da. Ezagutu dudan arte martzial konpletoena da katak, borroka, autodefentsako teknikak, armak, akrobaziak eta beste hogeita hamar mila gauza lantzen baititugu. Uste dut horregatik ez dela hain ezaguna, arte martzial hau menderatzeak ahalegin handia eskatzen duelako.

Zuen klubean helduekin eta haurrekin lan egiten duzue, ezta?

Haurrengan motrizitatea lantzea bilatzen dugu batez ere, poliki-poliki konfiantza lortzeaz eta indarra irabazten joateaz gainera. 12 edo 13 urtetik aurrera, lehiaketari garrantzi handiagoa ematen zaio, borroka gehiago gustatzen baitzaie adin horietatik aurrera. Helduen kasuan, arnasketa sistemak lantzen ditugu, arte martzialaren alderdi hori atseginagoa zaielako. Kirol hau asko moldatzen da praktikatzailera, beste kiroletan gertatzen ez den zerbait, hain zuzen ere.

Hala ere, lehiaketak kirolarientzat akuilu motibagarriak dira, ezta?

Bai, batez ere, adin jakin bateko kirolarientzat eta beraiengatik balitz astebururo izango genuke lehiaketaren bat. Maila ezberdinetako lehiaketetan aritzen gara, hau da, Gipuzkoan, Euskadin, Espainian, Europan eta Munduko Txapelketan.

Orain, hain zuzen ere Munduko Txapelketaren prestaketetan murgilduta zaudete.

Bi astetxo geratzen zaizkigu. Aurten prestaketen erdian uda izan dugu tamalez, eta horrek, beraz, prestaketa apur bat moztu digu. Hortaz, azkeneko hilabeteko prestaketa oso garrantzitsua izango da. Azken asteetan lan teknikoan zentratuko gara batez ere, gauzak errepasatzeko.

Lehen aldiz Munduko Txapelketan lehiatuko direnei aholkatu diet ahal duten guztia ematea

Klubeko zenbat kide lehiatuko zarete bertan?

Gure klubetik 5 parte-hartzaile goaz: Ane Amunarriz, Ekhi Lekuona, Maiana Lekuona Asier Cuende eta ni neu. Horretaz gain, Eneko Lekuona arbitroa ere gurekin etorriko da.

Jada Munduko Txapelketan lehendik ere parte hartutakoak zarete.

Ni izan ezik, gainontzekoentzat beraien lehen Mundu Mailako Txapelketa izango da. Sekulako ilusioarekin daude, baina urduritasun puntu horrek kalterik ez egitea espero dugu. Alde horretatik, apur bat urduri nago eta ikasi duten guztia lehiaketan erakutsi ahal izatea espero dut.

Zer helbururekin zoazte Munduko Txapelketara?

Lehen aldiz Munduko Txapelketan lehiatuko direnei aholkatu diet ahal duten guztia ematea. Izan ere, niri gertatu izan zait, txapelketatik itzuli eta zalantza guztiak agertzea. Hori ez gertatzeko aukera bakarra dena ematea da. Irabaztea edo galtzea berdin du, baina okerrena da zalantzekin geratzea. Ez dugu bilatzen domina, ezta eliteko lehiakideak izatea, baina iristen bada pozik jasoko dugu.

Nola antolatzen da Munduko Txapelketa?

Kenpo-kaiko txapelketan modalitate ezberdinak daude: kata, autodefentsako teknikak eta borroka. Modalitate horiek adinen arabera eta gerrikoaren mailaren arabera banatzen dira. Oraingoan nik uste modalitate guztietara aurkeztuko garela.

Ez dugu bilatzen domina, ezta eliteko lehiakideak izatea, baina iristen bada pozik jasoko dugu

Txapelketaren ostean, denboraldi berriarekin hasiko zarete?

Bai, hori da. Orain entrenatzen hasi gara, batez ere, Munduko Txapelketan lehiatuko direnek txapelketa prestatzeko aukera izan dezaten. Guk normalean ikastaroa urrian hasten dugu. Ea txapelketatik emaitza onekin itzultzeko aukera dugun.

Maila altuko txapelketetan lehiatuz kenpo-kaia ezagutaraztea lortuko da, noski.

Bai, guztiz ados. Nik lehiakide bezala Munduko Txapelketak irabazi izan ditut eta egia da horrelako lorpenek kirola ezagutarazten laguntzen dizutela. Orain talde hau indartu nahian gabiltza eta ea emaitza txukunen bat ekartzen dugun horretan laguntzeko. Nik uste baditugula aukerak, maila onarekin goaz.

Lehiakide berrientzat zure esperientzia lagungarria izango da, ezta?

Bai, nire adinarengatik, nire lehiakide garaia amaitzen ari da. Orduan, txapelketa honetan nire helburua gainontzekoak babestea eta laguntzea izango da. Hortaz, aurten nire lana urduri daudenean lasaitzen laguntzea izango da, nire esperientziatik aholkuak emanez. Lehen aldiz Munduko Txapelketara joan nintzenean oso galduta egon nintzela gogoratzen dut, beraz, ondoan lagunduko zaituen norbait izatea oso lasaigarria izan daiteke.

Esandako guztiak erakusten du kenpo-kaia oso kirol konpletoa dela.

Normalean arte martzialak oso kirol konpletoak dira. Ariketa fisiko bat baino zerbait gehiago da, ariketa mentala ere eskatzen du eta burua hotz mantentzea garrantzitsua da. Buruaren kontrola galtzen baduzu gorputza kontrolatzea ezinezkoa da. Lasaitasuna, beraz, ezinbestekoa da emaitza on bat lortzeko.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude