
Letra bakar batek bereizten ditu Julen Urtxegi eta Julene Iraolaren izenak. Hitzen kasuan, gauza bera gertatzen da moda iraunkorra eta moda ez-iraunkorraren kasuan. Jasangarritasunari arreta eskaini gabe funtzionatzen duen modaren industriak bultzatu zuen gazte bikote hau bere proiektu propioa bultzatzera. Irundarrak Wave Back proiektuaren hastapenez eta erronkez mintzatu dira.
Nolatan animatu zineten proiektu honekin hastera?
Julene: Orain dela bi urte gure bizitza aldatu nahian genbiltzan. Nik ikasketak amaitu berri nituen eta Julen ez zegoen oso gustura bere lanean. Jasangarritasuna asko zaintzen genuen une batean geunden eta, bestetik, niri moda beti asko gustatu zait. Beraz, moda eta jasangarritasuna bateratuz Wave Back sortu zen.
Zuentzako sektore ezezaguna zenez, zailtasun asko topatu zenituzten hasieran?
Julen: Sektorean hasi ahal izateko argi izan genuen lehenengo horretarako trebatu behar ginela. Lehenengo moda eta ekintzailetza bateratzen zituen ikastaro bat egin genuen eta horri esker modaren industria bere orokortasunean ezagutzea lortu genuen. Horren ostean lehenengo pausuak ematea nahiko erraza izan zen, nahiz eta, noski, zailtasunak eduki.
Nola aurkeztuko zeniekete proiektua ezagutzen ez dutenei?
Julene: Jasangarritasunari dagokionez, garrantzi handia ematen diogu gure ekoizpena bertako ekoizle eta profesionalen bitartez egin ahal izateari. Horregatik, Irun eta Donostia arteko enpresekin lan egiten dugu. Bartzelonan ekoizle batzuk dauzkagu, baina gainontzekoa hemen inguruan egiten dugu. Materialak ere asko zaintzen ditugu. Momentuz bakarrik kotoi organikoa eta tindagai naturalak erabiltzen ditugu, baina aurrerago aukera berriak aztertzeko prest gaude. Gure sare sozialak asko lantzen ditugu marka ezagutarazten laguntzeko eta bideoen eta argazkien bitartez gure produktuak erakusten ditugu bertan. Sareak aprobetxatuz kontzientziazio lana egiten saiatzen gara.
“Garrantzi handia ematen diogu gure ekoizpena bertako ekoizle eta profesionalen bitartez egin ahal izateari”
Julene Iraola, Wave Back proiektua
Zelako produktuak sortu dituzue orain arte?
Julen: Sortu genuen lehenengo bilduma hiru kamiseta eta short galtza motz batez osatua zegoen. Bigarren bildumaren barnean aldiz, bi jertse atera ditugu, bata txanoarekin eta bestea txano gabe. Hainbat koloretan atera ditugu jantziak, tindagai naturalak baliatuz. Gainera, diseinu aldetik, arropan bion gustuak islatzen saiatu gara.
Nolako iritziak jaso zenituzten senideei eta ezagunei proiektu honetan murgildu behar zinetela kontatu zenietenean?
Julene: Egia esan, ideia azaltzen hasi ginenean lehen erreakzioak oso onak izan ziren. Gure familia eta lagunek beti asko babestu izan gaituzte hasi ditugun proiektuetan.
Arropa jasangarria sortu ahal izateko asko ikertu behar izan duzue?
Julen: Lehen aipatutako ikastaroaz gain, moda jasangarriari buruzko beste ikastaro bat ere egin genuen. Bertan arropa jasangarria izan dadin jarraitu beharreko pausuak azaldu zizkiguten. Egia da, munduan material jasangarri asko eskura daudela, baina prezio aldetik garestiagoak direla. Nire ustez gehien kostatu zitzaiguna produkzioa ahalik eta gertuen egin ahal izatea izan zen. Hori lortzeko ate asko jo behar izan genituen eta tailer batzuek ekoizpen minimoko kopuru oso altuak eskatzen dizkizute. Ez zen erraza izan gure tamainako marka batekin lan egin nahi duen bertako enpresa bat aurkitzea.
Wave Back, arropa marka bat izatetik haratago, esan daiteke bizi estilo edo filosofia bat dela?
Julene: Hori da. Gu geu gure bizitzan gauzak ahalik eta modurik jasangarrienean egiten ahalegintzen gara, nahiz eta batzuetan akatsak egin. Askotan errepikatu ohi dugu “jasangarritasunak ez duela perfektua izan behar”.
Julen: Jasangarritasuna bakoitzak burutzen duen prozesu bat dela ulertzen dugu. Beti egongo da pixkanaka hobetu daitekeen zerbait, ekintzak ingurunean duen inpaktua murrizte aldera. Horrela, eragindako kaltea murrizten saiatzeko eman beharreko hurrengo pausoetan pentsatzeari garrantzi handia ematen diogu.
Uste duzue egun jendea modaren industriak eragiten duen kutsaduraz eta kalteaz jabetzen dela?
Julene: Era askotako pertsonak daude. Batzuk industria honen inpaktuarekin oso kontzientziatuak daude eta besteek ez dakite ezer. Hala ere, gauza bat da kontzientziatua egotea eta beste bat pentsamoldea aplikatzea eta horren arabera jokatzea.
Julen: Gure inguruan era askotako jendea dugu, bai modak eragindako kutsaduraz kezkatzen direnak eta gaia bost axola zaiena. Beste askok gurea bezalako beste marka jasangarriei esker ulertu dute aldaketa hau beharrezkoa dela.
Orain proiektua ezagutarazteko fasean zaudete, ezta?
Julene: Bai. Gaur egun marka bat ezagun egiteko sare sozialak oso funtsezkoak dira. Izan ere, gaur egun mundu guztiak erabiltzen duen baliabidea dira. Horretaz gain, gure inguruan antolatzen diren azoketan parte hartzeko ahalegin berezia egiten dugu.
Ingurumena ez duzue soilik arropa ekoizterakoan zaintzen, baizik eta baita arropa diseinatzerakoan edo banatzerakoan?
Julen: Guretzat ezinbestekoa da ekoizpenaren atal bakoitzak ingurunean izango duen inpaktua ahal bezain beste murriztea. Horrela, xehetasun guztiak zaintzeko ahalegintzen gara, hau da, kotoiaren ekoizpen prozesutik kontsumitzaileak paketea jaso arte.
“Guretzat ezinbestekoa da ekoizpenaren atal bakoitzak ingurunean izango duen inpaktua ahal bezain beste murriztea.
Julen Urtxegi, Wave Back proiektua
“Slowfashion” bezala ezagutzen den “moda geldoak” produktuak prezio lehiakorretan eskaintzeko aukerak ematen ditu?

Julene: Hau beti esaten diguten zerbait da. Hau da, jendea prezioak ikusterakoan harritu egiten da. Askok pentsatuko dute gure produktuak garestiegiak direla. Produktuen prezioa baloratzerakoan zifra horrek atzetik duen guztiari begiratu behar zaio: non egina dagoen, zein baldintzetan edo zein material erabili diren. Guretzat erraza da arropen prezioaren zergatia ulertzea, guk geuk eginak direlako eta atzetik dagoen guztia ezagutzen dugulako. Kanpotik begiratzen duenarentzat baliteke hausnarketa hori zailagoa izatea. Gure ustetan gure produktuak ez dira garestiegiak; arazoa merkeegiak diren eta hain etikoak ez diren marketan dago.
Non eskuratu daitezke zuen produktuak?
Julen: Printzipioz orain arte ateratako bildumetako produktuak gure webgunearen bitartez erosi daitezke. Era berean, urtean zehar ahalik eta azoka gehienetan parte hartzen saiatuko gara, jendeak gure arropa ukitu, jantzi eta ikusteko aukera izan dezan.
Zeintzuk dira zuen arropa markari ikusten dizkiozuen etorkizuneko erronkak?
Julen: Gure marka ahalik eta gehien ezagutaraztea lortu nahi dugu. Horrekin batera, lortu nahi genuke gizarteak ulertzea arropa jasangarriak zer esan nahi duen. Guk egindako guztiak jendea kontzientziatzeko balio dezala nahi dugu.
Julene: Julenek esandako guztiaz gain, arropa bilduma berriak prestatzen eta eskaintzen jarraitu nahi dugu, nahiz eta erraza ez den.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.