WordCamp Irun jardunaldiak antolatu dituzte, ekainaren 2 eta 3rako
Urte bete darama Irungo WordPress taldeak martxan. 50 erabiltzaile inguru elkartzen dira hilean behin, WordPress programaren bidez web guneak sortzen eta garatzen lortu duten esperientzia eta ezagutza elkarbanatzeko. 2018ko ekainean, beste urrats bat emango dute. WordCamp Irun jardunaldiak antolatu dituzte, bi eguneko topaketak, ekainaren 2-3ko asteburuan, Palmera Montero gizarte zentroan.
Bilbokoa da EAEn orain arte egin izan zen WordCamp topaketa bakarra. Bertan egon zen iaz Pablo Moratinos online marketing aholkulari irundarra. “Hura ikusita, Irunen antzeko zerbait sortzeko gogoa piztu zitzaidan”, azaldu du. Irun WordPress Meetup taldea eratzea izan zen lehen urratsa. Orain, dagoeneko komunitate zabala eta jarduera egonkorra dituztenean, WordCamp-a antolatzeko erronkari heldu diote. Mundu mailan egiten diren beste WordPress topaketen formatu eta egitura klasikoa edukiko ditu. Baina Irunen egiteak, meritua duela uste du Moratinosek: “2018an zazpi WordCamp egongo dira Espainiako estatuan. Gainerako zazpiak, probintzietako hiriburuetan”.
Bi jardunaldi izango dira. Lehenengoa, hitzaldiei eta tailerrei eskainia. 20 bat egongo dira, web industriaren inguruko gai ezberdinei buruzkoak. Hitzaldiak irekiak dira, eta edonork proposa ditzake gaiak, apirilaren lehenera arte. “Guk hautaketa bat egingo dugu, kontuan hartuta, batez ere, bertako komunitatearen interes nagusiak zeintzuk diren”, azaldu du Pablo Moratinosek: “Kontuan hartuko dira gaia, aurkezpenaren kalitatea, eta hizlariaren esperientzia ere bai”. Bertako hizlariei leku berezia egingo die WordCamp Irun-ek, baina kanpokoak egongo dira, eta estatu mailan erreferente diren batzuk ere bai. Dagoeneko jaso dituzte zenbait proposamen interesgarri.
“Ezin dugu ahaztu software libreko proiektua dela WordPress, erabiltzaileen komunitatearen parte hartze altruistari esker garatzen dena”
Pablo Moratinos, online marketing aholkularia
“Denon artean, programa indartsua lortu dugu, oso eraginkorra, doakoa dena eta edozertarako erabil daitekeena”
Pablo Moratinos, online marketing aholkularia
Bestalde, parte hartzaileen arteko elkarreragina sustatuko dute, networking jardueren bidez. “Bezeroak edo negozio baterako kideak bilatu nahi dituen jendearentzat oso ondo dago hori”, nabarmendu du Moratinosek: “Estatuko web zerbitzuen hornitzaile nagusiak ere egongo dira”. Contributor Day da bigarren egunaren izena. Lan jardunaldi bat izango da, WordPress proiektuarekin kolaboratzeko moduen berri ematea helburu izango duena. “Ezin dugu ahaztu software libreko proiektua dela WordPress, erabiltzaileen komunitatearen parte hartze altruistari esker garatzen dena”. Kode irekia garatzen edo WordPress itzultzen ikasiko dute parte hartzaileek, adibidez.
Palmera-Montero gizarte zentroan izango da WordCamp Irun, ekainaren 2an eta 3an. Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeko aukera eskaini die kokapenak antolatzaileei: “Guretzat oso interesgarria da da, MU entitate garrantzitsua delako hirian. Gainera, enpresaritzaren munduarekin lotutako ikasketak eskaintzen dituzte, eta guk negozio orientazioa eman nahi diogu ekimenari”. Horrenbestez, harremana naturala izan dela azpimarratu du Moratinosek.
Irungo WordPress komunitateari buruz
Talde aktiboa da Irun WordPress Meetup. Hilean behin egiten dituzte bilerak, Palmera-Montero gizarte zentroan bertan. 20-60 lagun artean biltzen dira bilera bakoitzean, normalean. “Bi deialdi egiten ditugu, goizez bat eta arratsaldez bestea, egoera profesional eta pertsonal ezberdinetan dagoen jendeak parte hartu ahal izan dezan”, argitu du Pablo Moratinosek. Hurrengo saioan, adibidez, WordPress erabilita online denda bat nola sortu ikusiko dute.
Enpresa txikiak dituen jende asko dago komunitatean. Horregatik, SEO edo bilatzaileetako posizionamendua, online marketing-a eta web gunea eta sare sozialak lotzea izaten dira interes handiena sortzen duten gaiak. “Gaur egun nahiko erraza da web gune bat sortzea eta sare sozialetan presentzia edukitzea. Baina askotan, jendeak ez du baliabiderik presentzia hori behar bezain aktiboa izan dadin”, aipatu du Moratinosek.
WordPress-en arrakasta
Gaur egun, sareko web gune guztien %30 dira WorPress-ekin garatuak. Pablo Moratinosek uste du komunitate guztiak egin duen lanari esker erdietsi duela lorpen hori: “Arrakastaren gakoa da software librea dela, kode irekikoa. Edonork dauka sarbidea, eta hobekuntzak egin ditzake. Denon artean, programa indartsua lortu dugu, oso eraginkorra, doakoa dena eta edozertarako erabil daitekeena”.
Doakoa, irekia, irisgarria eta erabilerraza izateaz gainera, WordPress segurua ere badela baieztatu du Moratinosek: Edozein segurtasun arazo publiko egiten da segituan, eta milioika lagun jartzen dira lanean, momentu horretan, arazo hori konpontzeko. Oso segurua da, beraz”. Nabarmendu, bestalde, tokian-tokiko bertsioak dituela WorPress-ek. Baita euskarazkoa ere.