Xabier Kerexeta. Iritzia. Gure beste erdara (2)

 

mantusa 2color

Zergatik da gaskoiera, edo zen, gure erdara? Bera delako euskararekin harreman estuena duen latinetiko hizkuntza… Gaskoinia toponimoa ez da alferrik Wasconiatik eratorria. Baina batez ere gure erdara da gurekin eta gurean bizi izan delako mendeetan. Irunen bertan, Ama Xantalen ermitako aldare azpian Akitaniako dukearen txanpon bat aurkitu zen, gaur egun sponsor (ikusten nola den gero eta gehiago ingelesa gure erdara berria?) deituko genukeen bere nagusigoa gutxienez honaino iristen zela argi eta garbi adieraztearren.
Erdi Aroaz geroztik Irunen dokumentatuak daude gaskoierazko toponimoak eta patronimikoak: Miqueo, Saubat, Ernaut, Primaut, Tonpes, Dunboa, Artiga… Hondarribian ere, Txiplao/Txiplau (seinalizazioen udal teknikariak ados jarriko ahal dira noizbait nola idatzi!). XVII.ean, Pasaian, euskal deiturazko bi lagun sesioan hasi eta, lekuko euskaldun batek zioenez, gaskoierara pasa zirelako ezin ulertu iskanbilaren zioa. Erdara inkomunikaziorako baliabidearena egiteko kontua ere zaharra da gurean. Ez ahaztu Hondarribiko sorginkeria auzian ziurtzat ematen zutela Jaizkibelgo akelarreetan deabruak gaskoieraz hitz egiten ziela pasaitarrei… eta euskaraz Irun eta Hendaiakoei. A ze garaiak, sorgin irundar eta hendaiarrak euskaldunak zirenekoak! Bestetik, eta lekuko batzuei sinestera, baziren oraindik Pasaian eta Donostian gaskoieraz ere egiten zuten euskaldun batzuk XX. mende hasieran.
Baina batik bat gaskoiera eta euskara auzo-hizkuntzak dira, geografikoki baino areago soziolinguistikoki, biak ala biak daudelako beren etxean erdara nagusi baten maizter: Bidasoaz haraindi ez ezik honaindi ere Donostiaraino euskaraz idatzi beharrean agirietan gaskoiera erabiltzen zen mendeetan, Aran (horra toponimo eder erredundantea!) haranean, bertakoen gaskoiera ez baina gaztelania edo katalana erabiltzen zen idatzian, eta horrela izan da harik eta duela hiru hamarkada eta erdi, gurean euskara ofizialtzearekin batera, han ere “aranera” ofizialdu duten arte: munduan den eskualde hirueledun ofizial bakanetakoa, eta gure ahaidea!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude