Benetan diotsuet oraingo honetan txintxo portatu nahi nuela, ez nuela inor zirikatu nahi, errare humanum dela baina jakintsuek zuzentzen badakitela, eta abar eta abar. Ez dago modurik, ordea: nire burua zentzatzen ahalegintzen naizen bakoitzean, danba! muturrekoa berriro ere.
“Muztuta” bukatzen nuen aurrekoan, eta argitaratu orduko kartel haiek zuzenduak zituen baten batek. Emaitza hala moduzkoa, U O bihurtzeko saioan 0 (baina ez huts!) lortu baitute, beste letren lerrotik goragoko txapel gisako zerbait gehituta. Tira, txapela oso gauza gurea da eta ez gara kexatuko, erregalo itsusiekin bezala inportanteena asmoa delako. Joan den hilabetean ospatutako maratoi erdia ere (barka: erdi maratoia) kartel fisikoetan “Iruneko” zena, Interneten “Irungo” bilakatu zen… eta askoz ere inportanteago, hasieran weba erdara hutsean zen eta orain euskaraz ere bada. Hobeto egon litekeela? Jakina, baina bada zerbait. Zer dela eta beti intzirika ibiltzeko tema hori?
Irungo Udalak sustatu nahi duen txartela ere horixe da: irun txartela, ez tarjeta irun. Hori bai, txintxo portatu nahi, eta ezin: izan ere, aukeran bozkatzeko lau txarteletan Nombre Apellido 1 Apellido 2, beste gabe. Zer, bada? Euskaldunok ez dugu izen-deiturarik? Txartelaren beste aldean ote da, eta erakusten dizkiguten lau aukeretan baten batek erdara lehenetsi? Edo oraindik orain aukeratzeko prozesuan dagoenez, behin betikoa erabaki arte utziko ote da itzultzeke, euskararen presentzia ofizialtasunak exijitzen duen agerpen hutsera mugatu nahian? Nik horren alde egingo nuke apustu. Zeren eta… elebitan dagoen botoia klikatu eta ezetz asmatu zein hizkuntzatan dagoen klikak naraman orria? Jakina, hortik euskarazkora jo dezakegu, ez da inor ahituko halako ahaleginarengatik. Eta gaitz erdi, bi hizkuntzak bereiz daudenean euskarazkoak zuzenean euskarazkora garamatzalako, ez baita beti halatan gertatzen.
Huskeriak, jakina… argi eta garbi erakusten digutenak gure Udala elebiduna ez baina elebakar con apéndice regional dela, eta euskaldunok haren apendizitis bat baino ez garela.