Xabier Martiarena, Urunea baserria: “Baserrian lan asko egin behar da eta gazteek oporretan edo lan gutxi eginda bizi nahi dute”

Xabier eta Unai Martiarena nebak Urunea baserriko lur eremuetatik kanpo ere ezagunak egin dira sare sozialei esker. Instagramen eta Youtuben baserriaren izena daramaten kontuak ireki dituzte beren jarraitzaileei baserriaren egunerokotasuna eta bertako zereginak nolakoak diren kontatzeko. Xabierrek bideoak grabatu eta, aldi berean, bere nebarekin baserriko lanetan aritzeko nola moldatzen diren azaldu du.

Zergatik erabaki zenuten Youtuben zuen baserriarekin lotutako bideo kanal bat irekitzea?
Instagramen baserriarekin lotutako bideoak igotzen hasi nintzen lehenengo. Ondoren, Urunea Baserria izeneko kontua sortu nuen. Horrela, konturatu ginen jende asko baserriaren kontua jarraitzen hasi zela eta geroz eta bideo gehiago egiten hasi ginenez, jendeak Youtuben munduan sartzera animatu ninduen. Neba eta biok proiektua hastera animatu ginen eta orain hortxe gabiltza.

Kanala ezagutzen ez dutenentzat, zein da bertan partekatzen duzuen eduki mota?
Gure bideo guztiak baserri munduarekin lotuak daude, baserriko lan eta zereginak azaltzen ditugu-eta. Adibidez, bertan azaltzen dugu belarra nola mozten dugun, artoa nola ereiten dugun, uzta nola biltzen dugun eta animaliak nola zaintzen ditugun, besteak beste.

Sortutako bideoek harrera ona izan ohi dute?
Bai, nabari da gure jarraitzaileei partekatzen dugun edukia interesatzen zaiela. Arrakasta handiena izan ohi duten bideoak traktoreen munduarekin lotutako bideoak dira. Eskuz egindako lanak erakusten ditugun bideoek, berriz, ikustaldi gutxiago izan ohi dituzte.

Nola moldatzen zarete grabaketa eta baserriko lanak uztartzeko?
Bi gauzak batera egiteak tentsio puntu bat sortzen du beti. Dena grabatu nahi duzunean gertatzen dira komeriak. Gauzak okertzen direnean grabaketa eten eta lanean zentratzera behartuak ikusten gara, lehentasunak beti hor daudelako. Beraz, momentu desegokietan grabatzen hastea gertatu izan zaigu, nola ez.

Uste duzu sare sozialetan edukiak partekatzea lagungarria izango dela gazteak baserri mundura erakartzeko?
Bai, baina egia da baserrian lan asko egin behar dela eta gazteek oporretan edo lan gutxi eginda bizi nahi dutela. Hortaz, gutxi dira baserri inguruan bizi diren gazteak.

Proiektua hasi aurretik bideoak grabatzen eta egiten trebeak zineten?
Astero zer grabatuko dugun pentsatzen saiatzen gara, gauzak aurretik antolatzeko. Bideoak igandeetan igotzen ditugu, beraz, astebete lehenago hasten gara hurrengo bideoan pentsatzen.

Sare sozialetan baserriaren gaia lantzen duen “influencer” asko dago?
Instagramen baserriarekin lotutako informazioa edo edukiak partekatzen dituen jende gehiago dago, baina Youtuben ez hainbeste. Izan ere, bideoen grabaketak, edizioak eta argitalpenak lan asko dauka, azkenean jendeari edukia gustatu zaion edo ez ikusteko. Instagramen kudeaketa errazagoa eta bat-batekoa denez, jende gehiago aritzen da bertan.
Helduagoa den jendeari zer iruditzen zaio sare sozialak baserriaz hitz egiteko erabiltzea?
Esan beharra daukat gure jarraitzaile gehienak helduak direla, izan ere, jarraitzaile gazte gutxi ditugu. Gainera, gehienak kanpoko jendea dira, hau da, hemen inguruko jarraitzaileak ez dira asko.

Zeintzuk dira zuen baserrian eguneroko egitekoak?
Urunea baserrian zeregin gehienak animalien zainketarekin lotuak daude. Baserriko lanak asteburuan egin ohi ditugu. Horretaz gain, zelaiak eta baratza ere garbitzen eta lantzen ditugu.

Zereginen banaketari dagokionez, bakoitzak bere zeregin propioak dauzka?
Neba eta biok gara baserriko lanetan gehien ibiltzen garenak, nahiz eta tarteka gurasoek laguntzen diguten. Egia da bakoitzak bere eginkizunak dauzkala, baina ondo moldatzen gara lana banatu eta antolatzeko.

Baserriko lana esan ohi den bezain sakrifikatua da?
Bai, izan ere, baserri bat duzunean ez dago jaiegunik. Animaliak dauzkazunean badakizu beraiek ez direla bakarrik jateko gai. Jaten emateaz gain, ukuilua garbitu eta bestelakoak ere egin behar dira, beraz, ez dago eguna libre hartzeko aukerarik.

Zer egin beharko litzateke gazteak baserrietara hurbiltzeko?
Txikitatik gustatu behar zaizun zerbait da. Gu hemen jaio gara eta afizioa txikitatik datorkigu. Oso zaila da kaletar bat baserri munduan sartzea, lan asko egin behar delako.

Nola ikusten duzu Irunen gaur egun baserrien egoera?
Esaterako, hemen auzoan lehen baserritar asko zeuden baina orain gutxi gerazen dira. Jendea erretiroa hartzen joan da eta seme-alabek ez dute baserriaz ezer jakin nahi eta ondorioz, auzoa pixkanaka husten ari da. Beste auzoetan berriz, Behobia eta beste tokietan oraindik baserritar gehiago daudela ikusten da.

Egunen batean baserriaz % 100ean bizitzeko aukerarik ikusten duzu?
Orain goizetan enpresa batean lan egiten dut eta arratsaldeetan, nire denbora librean, baserrian lanean ibiltzen naiz. Etorkizunean gure haragia saltzen hasi nahiko genuke. KM0 produktuak interesatzen zaizkien bezeroak lortu nahi genituzke. Izan ere, badirudi jendea berriro gertuko produktuen kalitatea baloratzen hasi dela. Horregatik, zentzu horretan pausu bat aurrera eman nahiko genuke, baina oraindik beldurra daukagu.

Elkarrizketa osoaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude