Txingudi Ikastolan eta Pio Baroja Institutuan ibili ondoren, Telekomunikazio Ingeniaritzako Gradua ikasi zuen Xabier Zubizarretak. Donostian aritu zen, Nafarroako Unibertsitateko Tecnun Ingeniaritza Eskolan. Gradu Amaierako Lana egiteko, Alemaniarako bidea hartu zuen. Urte bete eman du Nurenbergen, Bavarian. Orain, atsedena hartzen ari da etxean, Irunen, urrian berriro hegazkina hartu aurretik. Masterra hasiko du orduan, Erlangeneko Unibertsitatean.
Zerk eraman zintuen Alemaniara?
Fraunhofer Institutuarekin lankidetza hi-tzarmena zuen unibertsitateak. Gradu Amaierako Lana eta praktikak Nurenbergen egiteko aukera eman zidaten, eta ideia ona iruditu zitzaidan. Urte erdia egin ondoren, beste erdian ere han gelditzeko eskaintza egin zidaten.
Nurenbergen bizi izan zara urte honetan. Bavarian dago, Europako lurralde aberatsenetako batean. Egunerokoan, zertan antzematen da hori?
Kalean nabari den giroan. Jendeak bizimodu lasaia darama. Kalean, supermerkatuetan edo tabernetan ikusten da hori. Elkarrizketetan ez da lanari edo beste kezkei buruz hitz egiten. Banalagoak izaten dira gaiak.
Nolako lan baldintzak topatu dituzu?
Hasieran proiektua egitera joan nintzen, praktiketako kontratu batekin. Kontuan izanda karrera bukatu berritan nengoela, eta alderatuta hemengo aukerekin, ez naiz batere kexatzen. Azpimarratzekoa da lan giroa. Ez dago beste leku batzuetan topa daitekeen lehiakortasun hori. Ni berehala hartu ninduten taldeko bat gehiago izango banintz bezala. Tratu berdina eman zidaten. Hemen, aldiz, enpresetako hierarkiak pisu handiagoa du.
Hala ere, denok entzun ditugu, Alemaniara sekulako prestakuntzarekin joan eta gustuko lanik topatu ez dutenen kasuak. Zergatik gertatzen da hori?
Bai, nik ere ezagutzen ditut halako kasuak. Jende batek badu ohitura abentura hu-tsean joateko. Hegazkinerako txartela hartu eta lehen gaua non pasako duen jakin gabe. Horrek arrisku handia du. Bi masterrekin oilaskoa saltzen amaitu dezakezu. Ondo mugitzen jakin behar duzu halako egoera batean aurrera ateratzeko.
Zein aholku emango zenuke zuk, orduan?
Esango nuke abetura etxean hasten dela. Aldez aurretik dena lotuta utzi behar dela, ahal dela. Lan kontratua eta etxeko giltzak eskuan dituzula joatea da onena. Gaur egun, internet eta teknologia berriak erabilita, badaude guzti hori kudeatzeko tresnak.
Etxebizitzari dagokionez, zer nolako merkatua topatu duzu?
Nik zortea izan nuen, enpresak bazuelako bere etxebizitza parkea. Praktiketan joan ginen ikasleoi pisu txiki bana utzi ziguten. Bestalde, alokairuan oinarritutako merkatu aktiboa dago Alemanian. Mugimendu handia dagoenez, erraza da alokairuko etxebizitza merkea lortzea.
Hizkuntza ikasten ari zara. Kostatu al zaizu?
Topatu dudan arazo handienetakoa izan da. Ideiarik gabe joan nintzen. Aleman klaseetara joaten hasi nintzen, nire kabuz ikasten ere aritu nintzen, eta ahal bezain beste erabili nuen bertakoekin. Gaur egun, komunikatzeko moduan moldatzen naiz hizkuntzarekin.
Alemaniarrak nolakoak dira atzerritarrekiko?
Denetarik topa daiteke. Nire kasuan, nahiko eskuzabal hartu ninduten. Ni uniber-tsitate giroan mugitzen nintzen, hori kontuan hartzekoa da. Aipatzekoa da Alemanian badutela ongi etorri kultura dei-tzen den kontzeptu bat. 1960ko hamarkadaz geroztik langile pila bat jaso dituzte, eta ohituta daude.
Haien ohituren artean, zer iruditu zaizu bereziki bitxia edo deigarria?
Legeari dioten errespetua. Muturreraino eramaten dute. Goizeko hiruetan, kale guztia hutsik dagoenean, semaforoko argia berde jarri arte itxaroteko gai dira.
Bizikletan ibili zara han alde batetik bestera. Zer azpimarratuko zenuke garraioari dagokionez?
Oso lurralde laua da. Bizikletan 20 km egin ditzakezu ia konturatu gabe. Garraio publikoarekin, berriz, ezustekoa hartu nuen. Garestia da, eta atzerapen handiak egoten dira. Nahiko eskasa da zerbitzua.
Orain Erlangenera lekualdatuko zara, masterra ikastera. Unibertsitateei dagokienez ere, alde handia al dago?
Nirekin batera praktiketan aritu diren beste ikasle asko Erlangeneko unibertsitatetik zetozen. Beraz, banituen hango erreferentziak. Esango nuke baietz, alde handia dagoela. Hasteko, han unibertsitateak doakoak dira, eta garrantzia izugarria ematen diote ikasleari eta ikasleen munduari: klubak, eskolaz kanpoko jarduerak… Ikasle kultura garatua dute.
Beste bi urte behintzat egin beharko dituzu Alemanian masterra ikasten. Ez al duzu bueltatzeko eta etxetik hurbil lana topatzeko gogorik?
Bai, baina lau hilabetean behin etxera bueltatzeko aukera izango dut. Afera konplexua da hori. Familiaren eta lagunen ingurura bueltatu nahi nuke noizbait, noski. Hala ere, lan baldintzak aztertzeko modukoak dira. Jaioterrira bueltatzearen prezioa zein den ikusi behar da.
Gero eta gehiago zarete Alemaniarako bidea hartu duzuen profesional kualifikatuak. Hemengo agintariak kezkatu behar lituzke errealitate horrek?
Jakina. Herrialde askotan gertatu izan da hori historian zehar. Sobietar Batasuna, esaterako, genio guztiek ihes egin zutelako erori zen, hein handi batean. Agintariek orain egin behar dutena da kanpoan dagoen jendea, edo joatear dagoena erakarri. Hori egiten ez duten bitartean, bide okerra daramate.