Krisi etengabean dagoen kazetaritza alde batera utzi, eta ziurgabetasun egoera bizi duen beste sektore batean murgildu da Ylenia Benito 31 urteko irundarra. Brontë liburu-denda ireki du, Kale Nagusiko 16.ean. Izenak berak Benitoren asmoen berri ematen du: Charlotte, Emily eta Anne Brontë ahizpa ingelesen, XIX.mendean gizonezko ezizenekin idatzi behar izan zuten emakumeen omenez jarri dio izena.
Charlotte Brontëren Jane Eyre eleberriaren (1847) irakurketa dramatizatua egin zuen, hain zuzen ere, Ana Perez aktore irundarrak, liburu-dendaren inaugurazio ekitaldian, maiatzaren 19an. Izan ere, azken aldian nagusituz doazen liburu-denda komertzial handiekin alderatuta, proposamen ezberdina eskaintzen du Brontëk. Klasikoek leku zabala dute, bigarren eskuko liburuak daude, eta argitaletxe txiki eta alternatiboetako liburuek ere badute tokia. “Ez nuen nahi arrakasta komertziala duten liburuek gainerako guztia estaltzerik”, aitortu du Ylenia Benitok.
Beste planteamendu baten alde egin du liburu-dendako arduradunak, lehia komertzialaren zailtasunei eta aurrekari beldurgarriei aurre egiteko. Urtarrilean, ateak behin-betiko itxi zituen Oskarbi liburu-dendak. Halako berriek “tristura handia” eragiten diotela adierazi du Benitok: “Fruta fruta-dendan erosten dugu, haragia harategian, eta liburuak? Liburuak ez dira supermerkatuan erosten, liburu-dendan baizik”. Donostiako Ventaneras emakumeen literatura tailerrak ere eragina izan du Ylenia Benitoren apustuan: “Sekulako pasioa transmititu zidaten han ezagutu nituen emakumeek. Konturatu nintzen badagoela jende pila bat, liburuak maite dituena”.
Zein urrats eman zenituen, liburu-denda ireki arte?
“Hasteko, udal liburutegira jo nuen, Iñaki Ceberio liburuzainarekin eta Mertxe Trancherekin hitz egitera. Auskalo liburu denda eduki zuen Tranchek 90eko hamarkadan, Larretxipi kalean. Haien iritziak bildu nituen, eta esan zidaten apustu arriskatua zela, baina jendeak irakurtzen duela, eta liburuak gustatzen zaizkiola. Bidasoa bizirik-era jo nuen ondoren, eta ikaragarri lagundu didate. Harra barruan nuen, eta ezin nuen atera. Aurrera egin nuen, gelditu gabe. Urtarrilean hasi nintzen mugitzen, eta lauzpabost hilabetean egin dut dena”.
Nortasuna dario liburu-dendari. Harrizko hormak eta kolore zuri argitsua uztartzen ditu. Bigarren eskuko altzariak ditu, Ylenia Benitok berak zaharberrituak. Sofa, butaka, aulkiak, mahaitxoak eta kafe makina ere baditu. Liburu batekin eroso egoteko moduko lekua da. “Kanpora joaten nintzenean, horrelako liburu-dendak ikusten nituen hiri askotan, eta sekulako inbidia ematen zidaten”, aipatu du Ylenia Benitok: “Orain, harro esan dezakegu halako bat dugula Irunen”.
“Beti pentsatu izan dut klasikoak literaturaren oinarria direla”
Liburu-dendaren izenak XIX.mendera garamatza, literaturako klasikoetara. Leku handia eskaini diezu liburu-dendan?.
“Klasikoei dagokienez, beti pentsatu izan dut literaturaren oinarria direla. Ez dut esan nahi garaikideak irakurri behar ez direnik, baina klasikoak apustu seguruak dira. Istorio zoragarriak daude, eta jendeak ezagutu ditzan nahi nuke. Charlotte Brontëren Jane Eyre irakurtzen duzu eta garai hartako errealitatera eramaten zaitu. Klasikoekin historia ikasten duzu, eta istorio politak irakurtzen dituzu, gainera”.
Bigarren eskuko liburuak ere eskainiko dituzu. Zein izango da funtzionamendua?
“Jendeak kaxa osoak ekarri izan dizkit orain arte. Norbaitek saldu nahi baldin baditu, nik erosiko dizkiot, baina argi eduki dezala hau ez dela dirua ateratzeko modua. Jende askok liburu mordoa du etxean, eta badaki beste norbaitek balio gehiago emango diela. Liburu horiek beste irakurle bat aurkituko dute gero, eta pozgarria da hori. Liburu batzuk berri-berriak daude, behin irakurrita. Edo edizio bitxiak topatu daitezke, oso politak.
Nire ustez, bigarren eskuko liburu bat irakurtzea esperientzia bikoitza da. Liburuaren istorioan murgiltzen zara, baina aldi berean, aurreko irakurlearen arrastoak topatzen dituzu. Markatutako orriren bat edo esaldiren bat aurkitzen duzu, eta aurreko irakurleak zergatik egin duen, edo momentu horretan zer sentitzen zuen pentsatzea oso ederra da”.
Ikerketa lana egitea egokitu zaio Ylenia Benitori, liburu-dendako apalak lehen liburuekin betetzeko. Ezagutzen ez dituen generoen kasuan, edo haur literaturari dagokionez, esaterako, aholkua eskatu behar izan du. Aurkikuntza atsegina izan da haur literaturaren mundua, Brontëko arduradunarentzat: “Liburu eta edizio politenak ekartzen ahalegindu naiz. Didaktikoak diren liburuak lehenetsi ditut”. Hemendik aurrera, bezeroen eskaerak eta gomendioak kontuan hartuko ditu. Mezu baikorrak jaso ditu orain arte, eta irundarren literatur zaletasunak behatuz ari da: “Historia asko gustatzen zaie, bertakoa, batez ere. Mertxe Trancheren Los buenos hijos. Gerra Civil en Irun liburua, adibidez, best-sellerra da”.
“Beste hiri batzuetan, tabernez gain, artisauak eta liburu-dendak ikusi izan ditut beti alde zaharretan”
Auzoko bizilagunak, bereziki, liburu-denda berriarekin “liluratuta” daudela baieztatu du Ylenia Benitok. Berak argi eduki zuen Alde Zaharrean ireki nahi zuela liburu-denda: “Beste hiri batzuetan, tabernez gain, artisauak eta liburu-dendak ikusi izan ditut beti alde zaharretan. Gainera, leku ezaguna da, edonori esaten diozu liburu-denda berria Kale Nagusian ireki dutela, eta badaki nora etorri behar duen”.
Liburuen salmentaz harago, kultur munduaren topagunea eskaini nahi du Ylenia Benitok. Liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, tailerrak eta eztabaidak antolatuko ditu. “Liburutegiarekin elkarlanean ariko naiz, beti ere. Ez baikara konpetentzia, anai-arrebak baizik”, nabarmendu du Brontëko arduradunak. Egitasmoa zaindu du Ylenia Benitok, eta liburuen eta kulturaren zaleak Brontën hartzeko irrikaz dago.