Yon Gallardo Bidashop Irungo merkatari eta ostalarien elkarteko presidente. “Bisitariak ez dira erostera bakarrik etorriko”

Papperino izozki-dendaren lema hartu du aurten Yon Gallardok, gurasoen eskutik. Aldi berean, Bidashop Irungo merkatari eta ostalarien elkarteko presidente egin dute. Beraz, familiako negozioa aurrera eramateaz gain, sektorea biziberritzeko lan egingo du. Hiriak “aisiazko eskaintza” behar duela uste du, bezeroarentzat erakargarri izan dadin.

SONY DSC

– Zergatik eta zertarako sortu duzue Bidashop?
Orain arte merkatarien talde moduan lan egin izan dugu, baina ez genuen inolako egitura legalik. Baimenak edo diru-laguntzak eskatzeko, eta batez ere erantzukizun zibilari begira, elkarte bat sortu behar genuen. Gabonetako izotz pistarena bezalako jarduerak antolatzen jarraitu ahal izango dugu horrela. 108 bazkide gara oraingoz, Irungo erdigunekoak eta auzoetakoak.
– Handitzen jarraitzeko asmoa duzue?
Bai, Irungo komertzioen zati handi baten ordezkari izan nahi dugu. Baina, kopuruan handi-tzeaz gain, jendea parte-hartzailea izan dadin nahi genuke. Bileretara joan dadila, eta ideiak eman ditzala. Ez dugu inolako kuotarik eskatuko. Kanpainen kostuen arabera jarriko dugu dirua, behar baldin bada. Hilean bilera bat egiten ari gara oraingoz. Bileretan ideiak eman eta garatzen ditugu. Gero, jarduera ezberdinez arduratuko diren komisioak antolatzen ditugu.
– Denbora daramazue jarduerak antolatzen. Irunek behar du halako mugimendu bat?
Irunek bizitza behar du. Donostiako edo Iparraldeko lagunekin hitz egin dudanean, esan izan didate Irunen ez dagoela ezer. Ez da egia, ekimenak badaude, baina askotan ez daude ondo iragarrita, oharkabean pasatzen dira, edo buelta txiki bat behar dute komertzialago bilakatzeko. Horretarako gaude gu. Bisitaria ez da erostera bakarrik etorriko, aisiazko eskaintza zabalagoa behar du.
– Zer moduz dago merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorea Irunen?
Pertsiana irekitzen duzun momentutik, badakizu borroka egitea tokatuko zaizula. Krisia gogorra eta luzea izaten ari da, baina pixkanaka joera-aldaketa txiki bat nabari dela esango nuke. Egia da komertzio asko itxi direla, baina batzuek erretiroa hartu dutelako itxi dute. Dendak irekitzen ere ari dira, eta asko frankiziak diren arren, kontuan hartu behar da horien atzean beti ez daudela enpresa erraldoiak. Irungo jende askok frankizien alde egin du, erosoagoa delako, irudia eta izena ziurtatzen dituztelako.
– Gurasoen lekukoa hartu duzu Papperinon.
Izozkiak egiten hamaika urte daramatzat, gurasoei laguntzen. Aurten nik hartu dut negozioaren gidaritza, eta pozik nago. Hamasei urte nituenetik ostalaritza ikasi nahi izan nuen, baina gurasoek esan zidaten horretarako banuela aukera etxean. Beraz, Madrilera joan nintzen Ingeniaritza Informatikoa ikastera. Gustatzen zait, eta probatu dut, Madrilen eta Kanadan lanean egon naiz. Hala ere, honek erakartzen ninduen gehien, eta horregatik bueltatu naiz.
Azalduko dituzu Papperinoren jatorria eta bilakaera?
Papperino nire aitona italiarraren eskutik sortu zen. Donostian hasi zen kafetegi batekin, gero jatetxearekin. Nire gurasoek izozkigintzaren adarrari heldu zioten, eta Irunen jarri zuten denda duela hogeita bat urte.
Berrikuntzaren alde egiten duzue, izozkiekin eta Interneten.
Birmoldatu edo hil, hori da jarrera. Zaporeak aldatu behar dira, joerei jarraituta. Bezeroek komentatutakoaren arabera lan egiten dugu, neurri handi batean. Azkenean klasikoak izaten dira gehien saltzen direnak, baina izozki bereziak ere probatzen ditu jendeak. Horretarako, garrantzitsua izaten da sare sozialetan eta web gunean egiten dugun lana. Obradorean haurrei zuzendutako tailerrak ere egiten ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude