Yurre Ugarte: “Ipuinak ez dauka adin mugarik”

Naia eta Nabil detektibeak da Yurre Ugarte idazleak argitaratu duen azken lana. Album ilustratua da, eta Eneko Ugarte marrazkilari gasteiztarrarekin elkarlanean egin du. Izan gidoigintzan, antzerkian edo literaturan, fikzioa sortzea du Yurre Ugartek afizio eta ofizio. Gustura ari da azken aldian haurrei begira idazten.

YURRE

– Haurrei zuzendutako detektibeen istorioa sortu duzu.
Ipuin jostagarri bat egin nahi nuen, aldi berean haurra pentsatzera bultzatuko zuena. Modu ludiko batean, betiere. Ezkutaketa jolas baten moduan, haurrak detektibe bihurtuko dira etxean objektu bat aurkitzeko. Bide horretan ezinezko gauzak gertatuko dira. Baina, noski, ipuin batean dena da posible.
– Sei urtetik gorako haurrei zuzendutako liburua da. Nola ezartzen dira muga
horiek?
Argitaletxeek ezartzen dituzte sailkapenak, merkatuaren arabera. Idazleok ez dugu horren inguruko erabakirik hartzen. Nire ustez, ipuina ona baldin bada, denontzat, haur, gazte eta helduentzat balio dezake. Nik seme-alabei ipuinak irakurri dizkiedanean, askotan gustatu izan zaizkit. Horrek esan nahi du ipuinak ez daukala adin mugarik. Nik espero dut liburu honekin edonork goza dezan.
– Denonartean argitaletxearekin argitaratu duzu. Pozik, haien lanarekin?
Itsasoa maleta batean ere haiekin argitaratu nuen, eta oso ondo funtzionatu zuen. Euskadi Sarirako proposatua izan zen, Haur eta Gazte Literaturaren sailean. Oraingoan errepikatzea erabaki dut, liburua berdina ez den arren. Naia eta Nabil detektibeak album ilustratua da, testua eta marrazkia parekatuta daude, garran-tziari dagokionez. Oso edizio txukuna egin dute, luxuzkoa.
– Marrazkilariekin lan egin duzu azken aldian. Balio erantsia ematen diete istorioei?
Bai, nik uste haurrek oso gustura hartzen dituztela horrelako ipuin ilustratuak. Marrazkien bidez beste era batean gozatu dezakete literaturaz. Oraingoan oso gustura gelditu naiz marrazkiekin, kolore politak dituzte. Ingeles ilustrazioaren ildoa jarraitu du Eneko Ugartek.
– Orain arte gidoigintza, ikus-entzunezkoak, antzerkia eta literatura landu dituzu. Beti fikziozko istorioak kontatzeko.
Errealitateak asko inspiratzen nau, hortik sortzen zaizkit istorioak. Hemezortzi urte neuzkanean Tolosan literatur lehiaketa bat irabazi nuen, eta hor hasi zen nire ibilbidea. Istorioak sortu ditut hortik aurrera. Forma ezberdinak izan dituzte: antzezlanak, telesailak, ipuinak, eleberriak… Azken aldian komikiekin eta haurren literaturarekin nabil.

NAIA ETA NABIL7
– Bitxia da, kazetaritza ikasi zenuelako. Baina egiazko istorioak kontatzen ez duzu jardun.
Egia da, kazetaritza ikasi nuen, eta gero Londresen zinemagintza. Orain arte nire bizitza profesionalean ez dut inoiz horretan jardun. Hala ere, paradoxikoki, aurten elkarrizketak egiten hasi naiz, ZK Gararen igandeetako gehigarrirako. Elkarrizketa bereziak dira, batez ere idazle atzerritarrei eginikoak. Oso gustura nago, baina lan handia ematen dute.
– Idazteaz bizi zara gaur egun?
Bai, literatur sorkuntza tailerrak ere ematen ditut Donostiako akademia batean, eta orain telebistara bueltatu naiz. Duela sei urte utzi nuen, krisiak gogor jo duelako sektorea. Baina telebistako proiektu batean lanean hasi naiz, nahiz eta ezin dudan beste ezer aurreratu. Proiektuez aldez aurretik hitz egitea ez zait gustatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude