Irungo Berpiztu Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) 2012an hasi zen elikagai banaketa egiten astero, Santiago auzo elkartean. 60 familia irundarrek jasotzen zituzten banatutako elikagaiak. Bi urte geroago, 450 familia baino gehiago hurbiltzen dira elikagai eske. Guztira, 2.000 herritar daude jatekorik ez dutela, janaria erosteko iristen ez zaiela.
Duela gutxira arte, gosearen argazkiak urruneko lurraldeetako argazkiak ohi ziren, “hirugarren mundua” deiturikoa (nork asmatu zuen izen hau?) osatzen duten herrietako argazkiak, nazioarteko prentsa-argazkilariek eta erreportariek ateratakoak. Iraganeko argazkilari ospetsuek ere gosearen dokumentu gogoangarriak utzi zituzten zuri-beltzean: Espainiako gerraosteko argazkiak, Italiako 50.eko hamarkadakoak, Europako adibideak ipintzeagatik, besteak beste, goseteak eta pobreziak jotako pertsonen eta lurraldeen lekuko. Dorothea Lange argazkilariaren “Ama migratzailea” (Migrant mother, 1936) deituriko fotografia ezagunak erakusten du Estatu Batuetako Depresio Ekonomiko Handiaren ondorioz Oklahomatik Kaliforniara emigratu zuen emakumea hiru seme-alabez inguratuta. Argazkia egiteko unean emakumea errepide ondoan zegoen seme-alabekin oihal zahar baten pean, eta argazkilariari adierazi zion ordura arte nola lortu zuten bizirautea: inguruetako barazki hotzak eta haurrek hildako txoriak janez. Senarra gurpiletako hagunak saltzera joana zen janaria erosi ahal izateko. Argazkia Kaliforniako berripaper batean argitaratu zenean, berehalako oihartzuna lortu zuen eta ondorioz, Kaliforniako agintariek garaiko 20.000 $ helarazi zizkieten goseak astindutako hango familiei. Era berean, Dorothea Langeren argazkia ikono bihurtu zen Estatu Batuetan.
Hemen eta orain, etxean goxo gaude gu, soldata (bat edo bi) edo nolabaiteko dirusarrera hilero, 3 otordu egunero, asko eta asko karitateak ez duela ezer konponduko iritzita, beste asko kapitalismoaren krisiari kalteak egotzita, gehiengoa gorriak ikusten ari direnei aurrez-aurre begiratzeko ausardia izpirik gabe. Joan den astean, Berpiztu GKEkoak banatzeko janari gehiagorik ez zuten, eta irundarron laguntzarik ezean, datorren asteetan familia bakoitzari agian makarroi pakete bat emateko besterik ez dute izango. Politikariak (irundarrak tartean) ere existitu existitzen dira… Baina, antza denez, fotografo estatubatuar batek etorri beharko du hona fotoa ateratzera, eta New York Timesen argitaratzen dutenean, orduan bai, neurriak hartuko dituzte agintariek Irungo biztanleriaren %10ek jasaten duen gosearen aurka…