Yurre Ugarte. Iritzia. Oharkabeko hegaldiak

yurre berriIrunen, egon badago Tximeleta Museoa. 61.000 irundarron artean suertatu da mitxeletazale amorratu bat; Manuel Aguirresarobe da entomologoa. Ingumak dira bere bizitzako grina nagusia, pasio horri guztiz emana bizi da hamar urtetatik, Lapitzeko Egiluze baserrian hazi zenean deskubritu zituenetik. Ulifarfailen mundua; zerk bihurtzen ote du hain erakargarri? Hain fin, hain lirain, aldi berean izugarrizko metaformosia jasaten duen intsektuaren mundua. Askorentzat guztiz liluragarri, hainbeste artistaren inspirazio iturri, euskaldunak ere dezente sorgindu ditu maipoxak, ehunka izen ezberdin aurki baitaitezke gurean hura izendatzeko.

Pitxita espezie ezberdinen bila, sarea eskuan hartuta, Pirinioak alde batetik bestera (eta buelta) oinez egin zituen Irungo museoko bildumaren arduradunak; izan ere, Penintsula osoa eta Europako herri batzuk arakatu ditu txipilipeta espezie berriak deskubritzeko. Larretxipi kaleko museoan Aguirresarobek bilduriko 7.000 sorgimitxie ikus ditzakegu; berak harrapatutakoak europar jatorrikoak dira, gainontzekoak elkartrukearen bidez lortutakoak.

Kontua da: “krisi ekonomikoa” deritzana dela medio, bilduma honek eskatzen duen proiektu museistiko egokiagoa bertan behera utzi duela Udalak, nahiz eta 2008an Palmera-Monteron eraikin handi bat horretarako egokitu zuen. Eta pena da, ze pinpilinpauxa bildumaren altxorrak liburua ere badauka, Manuelek berak idatzitakoa inguruotako mitxerrikak aztertu ondoren; Erlaitz, San Martzial, Landetxa eta Aiako Harrietako zonaldeetan barrena aritu zen zazpi urtean, 400 espezieen argazkiak biltzea lortu zuelarik  “Mariposas del término municipal de Irun y plantas nutricias de sus orugas” (2012, Irungo udalerriko atximitxiak eta beren harrak elikatzen dituzten landareak, autoedizioa).

Museo nola xume nahiz aberats honen bidez, atxita-mutxita baten ziklo biologikoa ezaguturik, besteak beste, argi geratu ahal zaio edonori, naturan, guztia elkarlotuta dagoela, hau da, elikadura-katea deitzen den horretan, gugandik hain bereiziak diruditen kalaputxiek ere eragina daukatela gure bizitzan, eta guk, haienean, noski. Zintzitoil bilduma honi, udaletxearen atzekaldean egonagatik, ez litzaioke bizkarra eman behar.

 Vladimir Nabokov idazle eta entomologoaren obra osoan euskarazko hitz bakarra azaltzen da, 1909.an Miarritzen ikasi zuen hitza: mizerikoletea…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude