Irungo hiritarrei antzinako arbasoen bizimodua ezagutzera emateko sortu zuten Dies Oiassonis jaialdia. Sei urteko ibilbidea egin du jada, eta hiriko mugak gainditu ditu. Turisten interesa pizteko ahalmena duela erakutsi du, eta ideia horretan sakondu nahi dute antolatzaile diren Oiasso Museoak eta Irungo Udalak. “Inguruko bizilagunentzat erakargarri izan daiteke”, azpimarratu du Miguel Ángel Páez udaleko Promozio Ekonomiko eta Turismo ordezkariak. Helburu horrekin, berritasunak dakartza aurten Dies Oiassonisek.
Uztailaren 17tik 19rako asteburua hartuko du Dies Oiassonis festibalak. Hiru egun horietan, antzinako erromatarren garaiko Oiasso hiriaren antza hartuko du museoak eta haren inguruak. Jaialdiaren asmo nagusia birsortze historikoa dela gogoratu du Mertxe Urteaga Oiasso Museoko zuzendariak: “Iraganera bueltatzeko aukera eskaintzen du, hura ezagutzeko eta harekin gozatzeko, modu atsegin eta entretenigarrian”. Turismoa erakartzeko helburuak indarra hartu badu ere, antolatzaileek ez diote ohiko zehaztasun historikoari uko egin nahi izan. Horregatik, festibalak hartuko duen espazioa bana-tzea erabaki dute. Museoaren atarian eta Fermin Calbeton kalean informazio historikoa eskainiko dute. Junkaleko plazatxoa mistoa izango da. Istillaga plazan, Erromes plazan eta Euskal Jai frontoian, aldiz, bestelako jolas eta jarduerak egingo dituzte.
Azken guneari ez diote filtro historiko zorrotza pasako. Hala ere, han egongo da turisten erakargarr izan nahi duen berritasun nagusietako bat. Merkatu Erromatarra prestatuko dute, artisautzako produktuekin. Kaleak apaintzeko modua ere izango da. Antzinako erromatarren garaiko produktuekin lotuta, eskaintza gastronomikoa handituko dute. Pintxo erromatarra eskainiko dute inguruko tabernek, antzinako sukaldaritza erromatarrean erabiltzen ziren osagaiekin. Gainera, bi tailer gastronomiko egingo dituzte, Irun Dastatu ekimenaren baitan. Lehena, Gaztelumendi-Antxon jatetxeko Felix Mansók emango du, Bidasoa Bizirik erakundearen sukaldaritza gelan, Mirarietako Ama Birjinaren kalean. Bigarrena, Amona Kattalineko Txemi M. Artolak zuzenduko du, kalean bertan.
Moda eta antzerkia landu dituzte
Aurten Oiasso Museoak KoöKoö agentziarekin batera antolatu duen Moda Museoan lehiaketako sari banaketa egiteko baliatuko dute jaialdia. Sariketan parte hartu duten 43 diseinuak erakutsiko dituzte pasarelan. Horien artean, irabazlea izendatuko dute. Modak Antzinako Erroman zuen garrantzia nabarmendu du Mertxe Urteaga museoko zuzendariak: “Jantziak, bitxiak eta orrazkerak estetika hutsa baino gehiago ziren. Boterea edo klase sozial baten parte izatea irudikatzen zuten”. Modaz gainera, antzerkia ere landu dute urtean zehar Oiasso Museoan, eta lanketaren emaitza aurkeztuko dute Dies Oiassonis jaialdian. Duela 2.500 urte Euripidesek sortutako Medea obra antzeztuko dute. Ana Pérezen eskutik prestatu du bertsioa, aktore amateurren talde batek.
Antzerkiarekin harremana izango du egitarauko jarduera nagusiak. Navigium Isidis ikuskizuna ez da berria, aurreko edizioetan ere egin izan dute. Isis jainkosari eskainitako prozesioaren antzezpena da. Nabigazio sasoiari hasiera emateko egiten zuten prozesioa Antzin Aroan. II. mendean Apuleio idazleak “Urrezko Astoa” obran egindako deskribapena jarraituko dute prozesioa irudikatzeko. 200 irundar baino gehiago ariko dira, museoan hasi eta Dunboako ubideraino joango den prozesioan.