Liburuaren Nazioarteko Eguna oso egun preziatua da irakurle amorratuentzat. Irunen Zabaltza plaza izan ohi da egun batzuez irakurzaletasunaren erdigunea, nahiz eta CBA liburutegian eta hiriko beste elkarteetan liburuekin loturiko ekintzak antolatu.
Liburuaren Egunarekin loturiko ospakizunak apirilaren 21ean hasi ziren CBA liburutegian. Izan ere, goizeko 10:30etan “Don Kixote” eta Uxue Apaolazaren “Bihurguneko nasa” liburuen irakurketa publikoarekin. Urtero moduan, hiritarrek aurretiaz irakurraldietan izena eman eta zatitxo bat irakurtzeko aukera izan dute.
Aurreko urteetan legez, Liburu Azoka Zabaltza plazako karpa zurian egin da apirilaren 22an eta 23an eta Elkar eta Tinta Comics liburu dendek parte hartu dute bertan. Asteburuan zehar berriz, asko eta asko izan dira Zabaltza plazako karpara beren lana aurkeztera eta azaltzera hurbildu diren idazleak. Esaterako, apirilaren 22ko, larunbateko, goizean, Eneko Bidegainek “Bicheta éder” liburua aurkeztu zuen. Arratsaldean, Bakarne Atxukarrok eta Izaskun Zubialdek “Irulegiko eskua” lana aurkeztu zuten, Jesús García Gazólaz, Nafarroako Gobernuko arkeologiako teknikariarekin batera. Apirilaren 23an, igandean, aldiz, Sara Moranteren lanaren eta Mertxe Trancheren “Las huellas de las mujeres en Irún” liburuaren aurkezpenen txanda izan zen.
Bestetik, Liburuaren Nazioarteko Egunak Zabaltza plazan bestelako ekitaldiak antolatzeko aukera eman du. Maite Frankok “Zorte txarreko otsoak” eta “Printzipesak (kolore guztietako printze eta printzesak)” istorioak kontatu zituen. Bestetik, Nerea Kortabitartek eta Noelia Lorenzo Pinok beren liburuak sinatzeko ekitaldiak antolatu ziren. Irakurle txikienek Artean Espazioak igande goizean antolatutako tailer artistikoaz gozatu zuten. Era berean, Liburu Azokak Helga Massetani Piemonteren eta María José Noain Mauraren Kulturbox kultur proiektua ezagutzeko aukera eman zuen.
Laburbilduz, beste urte batez literatura eta irakurzaletasuna izan dira Irunen apirileko protagonista esanguratsuak. Irungo erdigunea irakurle, idazle eta zale berrientzako elkargunea izan da. Hala eta guztiz ere, datorren urteko apirilaren 23ra arte itxaron beharrik gabe, bakoitzaren eskuetan, liburuetan, egongo baita egun horren ospakizuna. Izan ere, hori baita literaturaren abantaila nagusietako bat, edozein lekutan eta uneetan hitzen magiaz gozatzeko aukera.