Zaharberritze lanak amaituta, larunbatean Gazteluzar gaztelua birdeskubritzeko aukera egongo da

Amaitu dira Gazteluzar zaharberritzeko lanak. Irungo alkate José Antonio Santano eta Gobernuaren Euskadiko ordezkari Denis Itxaso Gazteluzar gaztelua zaharberritu eta kontserbatzeko lanen emaitzak ikusten izan dira, Ondareko ordezkari Miguel Ángel Páezekin eta Obretako ordezkari Cristina Labordarekin batera.

Lanen hasieran, aztarnategiaren inguruko sasiak kendu eta lurrak mugitu ziren. Jarraian, gazteluaren hormak osatzen dituzten harlangaitzezko horma atalen eta kuboen gainazala garbitu zen, eskuz, espatula, arraspa eta eskuilak erabiliz eta, gero, ur zurrusta batekin garbituz, paramentuen gainazalari kalterik ez egiteko. Kontrol arkeologikoarekin egin ziren lan guztiak, eta ordura arte ezkutuan zeuden zati batzuk azaleratu zituzten; funtsean, iparraldeko kuboaren abiagunea.

Gerora, gaztelua babestu eta berroneratzeko lanetan aurrera egin zen: nagusiki, piezak morteroarekin sendotu ziren, horma ataletako arrakalei betegarria injektatu zitzaien, eta kanoi eta fusil zuloak berreraiki ziren. Ondoren, gotorlekuaren barruko espazio publikoa egokitu zen, baita ingurukoa ere: gazteluaren barnealdea eta kanpoaldea oinez bisitatzeko ibilbideak eraiki ziren, eta egonlekuak gauzatu. Azkenik, argi apaingarriak eta kaleko altzariak instalatu ziren, eta lanak egin ziren eremuko paisaia lehengoratu zen.

Alkatearen esanetan, “lanen helburu nagusia aztarna hauek zaharberritu eta kontserbatzea eta berauen balioa aitortzea zen, oso elementu garrantzitsuak baitira Irungo eta Gipuzkoako kultur ondarearen barruan”. Gainera, alkateak azaldu duenez, lanak egin bitartean egindako aurkikuntzei esker, hobeto uler daiteke orain zer-nolakoa zen gotorleku hau. “Inguru osoa berritu izana funtsezkoa izango da aztarnategia herritarren esku uzteko eta gotorlekuaren aztarnak bisitatu ahal izateko, baita jarduerak antolatzeko ere”, gaineratu du José Antonio.

Gobernuaren ordezkari Denis Itxasok, berriz, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak Kultura Ministerioarekin elkarlanean “ondarea babesteko egindako apustua” nabarmendu du, azpiegituretan egiten diren inbertsioetarako aurrekontuaren % 1,5 horretarako jartzen baitu. “Askotan, babestu beharreko higiezinen jabeek nekez ordaindu dezakete inbertsioen zenbateko osoa. Gainera, horrelako inbertsioak oso onuragarriak dira beste sektore batzuentzat, hala nola turismoarentzat eta enpleguarentzat”.

Jarduketarako aurrekontuaren % 50 Espainiako Gobernuak jarri du, % 1,5 Kulturala laguntza programaren bidez. Lanek 601.754,09 euroko aurrekontua zuten, eta bederatzi hilabetean egin dira. Zehazki, Harri Construcciones y Mampostería SL enpresak egin ditu, Udalak San Martzialeko 1522ko guduaren 500. urteurrena ospatzeko abian jarritako ekimenen barruan.

Gazteluzar birdeskubritzeko ekitaldia

Aztarnategia zaharberritzeko lanak aprobetxatuz antola daitezkeen jardueren erakusgarri, larunbat honetan, hilak 11, 12:00etan, herritarrek hura birdeskubritzeko ekitaldi ireki bat egingo da, joan den urtean oso harrera ona izan zuten bi eszena antzezturen errepresentazioa: “Un castillo en Behobia”, gaztelaniaz, eta Txoka lumazko kapa zeraman aliatua, euskaraz; gidoiak Ana Galdós historialariak idatzi ditu, eta zuzendaritza artistikoaz Ana Pérez arduratu da. Gainera, girotzea osatzeko, bi eszenen artean XVI. mendeko estiloko aperitibo bat eskainiko da.

Antolatu nahi den beste kultur ekimen bat “El cantar de Gazteluzahar” ikuskizuna da. Pedro Ballaz irundarraren bertsoetan inspiratutako antzezlan bat da, eta Atzokoak abesbatzaren eta Albada musika taldearen laguntzarekin –antzinako musika jotzen du Albadak–, Amaia KZn estreinatu zen, iaz. Berez, Junkal plazatxoan izan behar zuen emanaldiak, baina, euria zela-eta, lekualdatu egin behar izan zen, eta, orain, behin lanak bukatuta, hasierako ideiari heltzea eta obra gotorlekuaren inguruan antzeztea da asmoa.

Historia

Ama Xantalen ermitarekin, Arbelaitz jauregiarekin, udaletxearekin eta Junkal elizarekin batera, Eusko Jaurlaritzak Donejakue bidearekin lotutako monumentu multzo izendatu zuen Gazteluzar, funtsezko elementua bera Gipuzkoako kultur ondarearen barruan.

Mendixka baten gainean dago, 41 bat metroko altitudean, Behobia auzoaren eta Bidasoko pasabide estrategikoaren gainean. Triangelu formako oinplanoa du, eta denbora laburrean egon zen zutik: 1515ean eraiki zen, Fernando Katolikoa-ren aginduz, eta 1542an eraitsi. Gero, 1719an, berreraiki eta berriz suntsitu zuten. Errefortzuak etorri bitartean Gaztelan sartu nahi zuten tropa frantsesei eusteko eraiki zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude