Zailtasunen gainetik 1.910 kontsulta kudeatu ditu Bidasoako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen elkarteak 2020an zehar

Bidasoako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen elkarteak eskualdeko hiritarren kontsulta eta erreklamazioak kudeatzen jarraitu du 2020. urtean zehar. Belén Martínez zerbitzuko idazkiak aurreko urtean zehar pandemiaren harira zerbitzuaren funtzionamendu eta zerbitzuetan izandako gorabeherak azaldu ditu.

Zer da ACUBI eta zeintzuk dira eskaintzen dituzuen zerbitzuak?
ACUBI Bidasoako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen elkartea da. Elkartea 1984. urtean sortu zen, eta 1988. urtetik bulego ireki gisa lan egiten dugu. Hasiera batean bulegoa Foru kalean kokatuta zegoen eta orain dela 4 urte bulegoa tokiz aldatu eta orain Palmera Montero gunean dugu gure egoitza berria. Gure helburua Bidasoako biztanleei kontsumoarekin loturiko aholkularitza eskaintzea da. Hortaz gain, Hendaian bizi diren espainiar edo Bortzirietako biztanleei ere zerbitzua ematen diegu.

2020. urtea gorabeherez beteriko urtea izan da zuentzat ere, ezta?
Gogoratuko duzuenez, urtea Txingudiko Zerbitzuak etxera berriro faktura paperean bidal zezala eskatuz hasi genuen. Konfinamenduak tarte horretan harrapatu gintuen eta ni egunero bulegora etortzen nintzen posta elektronikora iritsitako mezuak eta deiak erantzuten jarraitzeko. Ondoren, pixkanaka bulegoa ireki eta berriro kontsultak kudeatzen hasi gara. Urte ezohikoa izan arren, 2020. urtean zehar 1.910 kontsulta eta 393 erreklamazio jaso ditugu.

“Urte ezohikoa izan arren, 2020. urtean zehar 1.910 kontsulta eta 393 erreklamazio jaso ditugu”

Azken urtean zehar jendearen kontsultak edo zalantzak asko aldatu dira?
Aurreko urteko arazo nagusia Dentix kliniken itxiera izan da eta hiru hilabetez pertsona guzti hauen arazoak konpontzen egon gara. Lehen urratsa arazoa ikertzea izan da, dokumentazio guztia bildu dugu, Dentix zein finantza erakundeetara bidali beharreko idatziak prestatu dizkiegu. Une honetan banketxeek maileguaren kuoten luzamena, horiek bertan behera uztea edo Dentix klinikekin zer gertatuko den ikusi arte itxarotea proposatzen ari diete. Dentix kliniken itxierak eskualdean 100 pertsona inguru kaltetu dituela kalkulatzen dugu. Arazo honek denbora asko kendu digu bestelako eskakizunak erantzun ahal izateko.

Aurreko urtean kontsulta asko eragin duen beste gairik nabarmenduko zenuke?
Pandemia aurreko urteetan gertatu bezala, bizilagunen komunitatearekin loturiko kontsulta asko jaso ditugu. Hortaz gain, alokairuekin kasuan, errentariak alokairu bat sinatzerako orduan duten informazio falta ikusi dugu, guregana iristen direnerako jada arazo larriak dauzkate.

Zuzenki COVID-19ak eragindako egoerarekin lorturiko kontsultarik izan da?
Urteko jardueraren laburpena egiterakoan, urtea hiru zati ezberdinetan banatu dugu: pandemia iritsi aurreko kontsultak, konfinamendukoak eta ondorengoak. Konfinamenduan zehar 75 kontsulta jaso genituen eta horietako asko alokairuaren gaiarekin loturik zeuden, adibidez, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean zeuden pertsonek alokairuak ordaintzeko arazoak zeuzkatelako. Hemendik aurrera, bidaia-agentziekin loturiko kontsultek era nabarmenean gora egin zuten, bidaiak bertan behera utzi eta dirua itzultzea nahi zutela eskatuz.

Beste urteekin alderatuta, beste gairen batekin loturiko kontsultak murriztu direla ikusi duzue?
Dentix gaiarekin loturiko 314 pertsonei zerbitzua eskaini zaie. Horren atzean kontsultak jaso eta beharrezko informazioa eskaintzeko lan handia dago. Bestetik, bidai agentzien gaia dago. Hortaz gain, etxeen salerosketa ere gai mamitsua izan da, izan ere, jende askok eraikitze prozesuan zegoen etxe bat erosia zuen. Konfinamenduan zehar eraikuntza lanak eten egin ziren langile asko haien jatorrizko herrialdeetara itzuli zirelako. Egoera horrek etxebizitzak entregatzeko data atzeratzea eragin zuen. Banketxeekin loturik, berriz, zoru-klausulen itzulera eta notario-gastuen itzulketa eskatzen jarraitzen duen jende askorekin aurkitu ginen. Telefonia zein fakturekin loturiko kontsultak bere horretan mantendu direla esango genuke. Konfinamenduaren ondorioz, Internetekin loturiko arazoek protagonismo berezia hartu dute, telelana errazteko jendeak zerbitzu on bat behar baitzuen. Laburbilduz, alokailuak eta bizilagunen komunitateak izan dira beste urte batez kontsulta gehien eragin dituzten gaiak.

Nola aurreikuspenak egiten dituzue 2021eko lehen hilabeteetara begira?
Urtea kontsulta eta erreklamazio dezenterekin hasi dugu. Dentixen itxierarekin loturiko erreklamazioei konponbidea emateko lanean jarraituko dugu, momentu honetan banketxeak kaltetuekin harremanetan jartzen hasi direla ikusita. Gipuzkoan Vitaldent taldeak Eibar eta Donostiako kontsultak berriro irekiko dituela dakigu, baina, Irungo klinikarekin zer gertatuko den ikusteko dago. Izan ere, pertsonak askok, itxaro ezinean, beste kliniketan tratamenduarekin jarraitu behar izan dute eta orain tratamendu horien beharra justifikatu behar dute.

“Dentix kliniken itxierak eskualdean 100 pertsona inguru kaltetu dituela kalkulatzen dugu”

Galderaren bat duten pertsonak nola jarri daitezke zuekin harremanetan?
Atentzioaz gainera, orain justifikazioekin lan handia dugu. Beraz, kontsumitzaileei ahal den neurrian gurekin helbide elektronikoaren bitartez kontaktuan jartzea eskatzen diegu eta ahal bezain laster erantzungo diegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude