OlatuKoop sareak zaintza lanen inguruko jardunaldia antolatu du “Elkar zaintzeko kooperatzen dugu? Generoa, zaintza lanak eta migrazioa” titulupean. Jardunaldia irailaren 21ean egingo da Irungo Palmera Montero espazioan. Jarduerak arratsaldeko 16:30etan abiatuko dira eta, bertan, Mundu Bat, Cuidem Lluçanes eragileak eta Pertsonen Arretarako Beterri Burrutzako Plataforma Herrikoiak parte hartuko dute.
Jardunaldi horren bitartez urte osoan zehar OlatuKoopek Ekonomia Sozial eraldatzailearen alde egindako lanari amaiera emango zaio. Izan ere, aurreko hilabeteetan zehar kolektibo ezberdinekin lanean aritu dira informazioa biltzeko, hala nola, emakume etorkinekin lanean dauden eragileekin lanean edo tailerrak eginez eta emakume edo etorkizuneko zaintza koperatiba bateko kontsumitzaileak izan daitezkeen pertsonekin. Miren Lanz OlatuKoopeko kideak adierazi duenez, “urte honetan zehar kontaktatu ditugun elkarteek proiektuarekiko interes handia erakutsi dute”.
Lortutako datu guztiekin ikerketa sakona burutu du OlatuKoopek eta bildutako informazioa irailaren 21erako prestatu diren ekintzen bitartez ezagutzera emango da. Miren Lanz OlatuKoopeko kideak azaldu duenez, jardunaldia ahalik eta publiko kopuru handienera irekitzeko saiakeran dabiltza. “Bidasoa inguruko edo Gipuzkoako jendeaz gainera, Euskal Herriko bazter guztietako elkarte eta kolektiboetako ordezkariak gonbidatu nahi ditugu”, gaineratu du Lanzek.
Ikerketaren inguruko jardunaldi hori burutu ostean, ikerketaren emaitzak eta nodik norakoak publikatzeko asmoa dutela azaldu du Miren Lanzek. Gainera, hurrengo ikasturteari begira deialdi berriaren eskaera egin dutela jakinarazi du, “proiektuari jarraipena emateko asmoa dugu”. Lehen proiektuaren amaieran lortutako emaitzen balorazioa egin ostean, datorren ikasturteko erronkei aurre egiteko modua topatzen hasiko dira.
Ikerketa bat, hainbat ekintza
Irailaren 21era begira antolatutako jardunaldiak arratsaldeko 16:30etan abiatuko dira Irungo Palmera Montero gunean OlatuKoopen esku egongo den ongietorri ekitaldiarekin. Jarraian, 16:40etatik aurrera “Crisis de los ciudadanos y cooperativismo” ekintza garatuko dute Parean elkarteko Miren Lanz eta Ainara Lopezek. Ondoren, 17:00etan “Ni chachas, ni domesticadas. ¡Somos trabajadoras!” titulua izango duen ekintza zuzenduko dute Mundu Bat Garapen Lankidetzarako Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideek.
17:30etatik aurrera, berriz Cuidem Lluçanes kooperatibako Mecé Panyella Amil eta Sandra Martínez Díazek “Una respuesta kooperatiba” izeneko jarduera gidatuko dute. Ostean, 18:00etan “Plataforma popular para la atención de las personas” ekintza zuzentzeaz arduratuko da Beterri Buruntzaudalakeko Andoni Egia. Azkenik, 18:20etan bateratze-lanari ekingo zaio, ondoren, 18:30etatik aurrera elkarrekin zerbait hartzeko tartea egongo delarik.
Proiektuaren barrenak
Zaintza lanen inguruko proiektu hau garatzeko ideia kooperatibismoa ahalduntzeko ekonomiko eta politikorako ahalduntze herraminta garrantzitsua izan daitekeelaren sinismenetik abiatu zen, batez ere klase herritar eta horretatik bazterturik dauden pertsonen kasuan. Izan ere, adineko pertsonen, haurren, edo zerbitzu horren beharra edota nahia duten pertsonen zainketa lanak garrantzi handia du gizartera egiten duen ekarpena dela eta, ekonomikoki edo sozialki beharko lukeen errekonozimendua ez duen arren.
Hortaz gain, sektore horren barnean langileak biltzen dituen elkarte gutxi dago eta orokorrean langile bakoitzak bere kabuz aurre egin behar die bidean topatutako arazo eta zailtasunei. Kanpotik datozen langileen kasuan egoera konplikatu egiten da, haientzat oso lagungarria ez den atzerritarrei buruzko lege batera moldatu behar direlako.
Proiektuaren helburu nagusia zainketa lanetara dedikatzen diren emakume etorkinen egoera ezagutzea da. Horretarako, Hiritik At kooperatiba, Parean berdintasun elkartea eta Talaios elkarlanean aritu dira Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntzaren bitartez. Momentu honetan sektorean lanean ari diren emakumeen egoera ezagutzeko Sos Arrazakeria, Adiskidetuak, Sorburu eta Caritasen Miriam proiektuarekin lan egin dute hilabete hauetan zehar.
Bestetik, sektoreko langileekin elkartzeko tartea izan dute ere, horrela, bizi duten egoeraren berri izateaz gainera, baldintzak hobetzeko sortu daitezkeen elkarketa puntu posibeak aztertu dira ere irtenbideak bilatzeko asmoz. Horrela, irailaren 21eko jardunaldiekin orain arte bildutako ikuspuntuak osatzea bilatzen da.