Zazpi agente zibikok gizalegez jokatzeko mezuak hirian barrena ezagutaraziko dituzte ekainaren 11ra arte

Duela aste gutxitatik, Irungo Udalak aldian-aldian egiten dituen kanpainen barruan –batzuk herritarrek parte hartzeko prozesuen emaitza dira–, zazpi agente zibikoz osatutako talde bat hirian gizalegearen aldeko hainbat gairen kontzientzia pizteko lanean ari da, eta, astelehen honetan, Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordak lan horren berri eman du.

Udaltzaingoaren egitekoen barruan bada udal ordenantzak betearaztea ere. Bada, ordenantza askok hirian gizalegea bermatzen laguntzen dute zuzenean. Izan ere, nork bere aletxoa jar dezake, eta, horregatik, egun hauetan, agente zibikoz osatutako talde bat hirian barrena dabil, bizikidetzaren eta herritarren arteko errespetuaren ikuspuntutik ere ekintza txikien bidez Irun hiri hobea bihur dezakegula gogorarazten”, adierazi du Cristina Labordak.

Kanpaina abenduaren 12an hasi zen, eta sei hilabete iraungo du, ekainaren 11ra arte. Zazpi agenteen artean bada koordinatzaile bat, eta taldea bi azpitaldetan banatuta dago: bat goizez aritzen da, eta bestea, arratsaldez. Ordezkariak gogora ekarri duenez, “2020an eta 2021ean ere, antzeko kanpaina bat jarri genuen martxan. Pandemiarekin lotutako gaiak azpimarratu genituen, eta, batez ere, nork eta noren ekintzek duten balioa, eta, ildo horretatik, ‘Laguntzen dut’, ‘Jasotzen dut’ eta ‘Errespetatzen dut’ mezuak zabaldu genituen. Bada, horiexek dira kanpaina berriaren leloak”. 

Zazpi agenteak Irunen erroldatutako zazpi lagun dira: sei agente eta koordinatzaile bat; sei, emakumezkoak, eta bat, gizonezkoa. Irungo Udalak Lanbidek onartu eta finantzatzen dituen deialdien barruan enplegua sustatzeko ekintzen esparruan kontratatu dira.

Agenteen egiteko nagusia herritarrak kanpaina osatzen duten gaiei buruz informatu eta sentsibilizatzea da, eta, eginkizun hori betetzeko, udaltzaingoak prestakuntza eta aholkuak eman dizkie. Kanpaina udal ordenantzetan oinarritzen da, eta herritarrek hura osatzen duten gaiei buruz zenbaterainoko kontzientzia duten jakiteko balio du.

Besteak beste, kanpaina hauek jarri dira martxan: “Jasotzen dut“, txakurren jabeentzat; “Errespetatzen dut”, bideko heziketari buruz, oinezko, txirrindulari eta auto gidarientzat; eta “Elkarrekin bizi gara”, bizikidetza gaiei buruz. Haien barruan, zera egiten du taldeak, besteak beste: inkestak egin, herritarren ekarpenak bildu, diptikoak banatu, irundarrekin aurrez aurre hitz egin, beharrezkoa den informazioa eman eta are zalantzak argitu.

Normaltasunera itzultzen

Cristina Labordak aipatu duenez, “kanpaina hauei esker, betiko jardunera itzuliko gara. Izan ere, hilabeteetan, pandemiak agenteen egitekoak aldarazi zituen, baina, behin unerik zailenak igarota, gizalegea sustatzeko aldizkako eta beharrezko kanpainak egiteaz gain, aste hauetan, COVID-19aren aurretik egiten genituen beste gai batzuei helduko diegu berriro, hala nola trafiko agiri zuzenak gainean eramateko asteroko kontrolei eta bizikletan espaloietan ibiltzeari”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude