Zelaia lasterketa solidarioak Irungo landa eremua zehartuko du ekainaren 2an. Hirian proba solidarioa antolatzen den hirugarren urtea izango da eta aurreko urteetako 5,68 kilometrotako ibilbidea errepikatuko da edizio honetan. Probarako izen-ematea maiatzaren 30era arte zabalik egongo da www.kirolprobak.com webgunean eta irabaziak Kemen kirol elkartera bideratuko dira.
Orain arte antolatutako probetan irabaziak ASANOL izeneko Lebereko nerbio optikoaren atrofiaren elkartera bideratu dira. Gaixotasun Arraro moduan ezagutzen den gaixotasunaren izena daraman elkartea da, hain zuzen ere, Javier Placeresek, lasterketako antolatzaileak duela 5 urtetik ona pairatzen duen gaixotasun bera. Pedro Alegre kirol arloko ordezkariak azaldu du, “bigarren edizioa gaindituta, Zelaia hirian finkaturik dagoen lasterketa dela esan daiteke”.
“Bigarren edizioa gaindituta, Zelaia hirian finkaturik dagoen lasterketa dela esan daiteke”
Pedro Alegre, Kirol ordezkaria
Aurten, ordea, nobedade gisa lasterketako dortsalen salmentatik eskuratuko den dirua Kemen izena duen eta pertsona ezinduak biltzen dituen kirol elkartera bideratuko dira. Lasterketaren adeitasun keinu hau eskaintzeko asmoz, lasterketaren egunean bertan Kemen taldeak Handbike erakustaldia eskainiko du goizeko 10:15etan, kirol-proba hasi aurretik.
Hirugarren edizioan dortsalen prezioa mantentzea erabaki da jendearen parte-hartzea bultzatzeko. “Jendea proban parte hartzera animatu nahi dugu, egunaz gozatu eta festa giroaz disfrutatzeko”, azaldu du Javier Placeresek probako antolatzaileak. Txip propio duten lasterkariak 10 euroren truke eskuratuko dute dortsala. Dortsalaz gain txipa alokatu behar duten kirolariek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte.
Aurretik aipatutako dortsalez gain, O dortsalaren bitartez parte hartzaileek probaren ibilbidea oinez egiteko aukera izango dute, 4 eurotako prezioaren bitartez proba diruz laguntzen duten bitartean. Kategoria honetan haurren izen-ematea doakoa izango da.
Dortsalak Irungo Decathlon dendan jasotzeko aukera egongo da maiatzaren 31ean, ostiralean,17:00etatik 21:00etara, eta ekainaren 1ean, larunbatean, 10:00etatik 19:00etara. Gainera, probaren egunean bertan dortsalak irteeran jaso ahalko dira goizeko 10:30ak arte, proba 11:00etan abiatuko baita.
“Jendea proban parte hartzera animatu nahi dugu,
egunaz gozatu eta festa giroaz disfrutatzeko”
Javier Placeres, Zelaia lasterketaren antolatzailea
Probako parte hartzaileak bi kategorietan banatuko dira, maskulinoak eta femeninoak. Bi kategorietan sailkatutako lehen hiru kirolariek sariak eta garaikurrak eskuratuko dituzte. Hortaz gain, parte hartzaileen artean zozketak, pintxo-potea eta amaierako luncha antolatuko dira. Julian Iantzi telebista aurkezleak hiritarrak proban parte hartzera animatu ditu honelako ekintzen antolaketa ezintasunak dauzkaten kirolarientzat oso beharrezkoa direla adieraziz.
Ibilbidea
Zelaia lasterketaren aurreko edizioetako ibilbide bera errepikatuko da aurten ere. Urdanibia plazako ingurutik abiatu eta lasterkariak Ibarlako gainera igo dira, Udal Mintegietaraino jaitsi ostean, Ola sagardotegiraino iristeko. Jarraian, Olaberriako gainera igo eta Ama Shantalen ermitaren inguruan amaituko da proba. Ibilbide bera izango da proba lasterka edo oinez egiten duten parte-hartzaileentzat.
Kemen kirol taldea
Kemen kirol taldea 1994 urtean sortu zen eskia praktikatzen zuten kirolari ezindu batzuen ekimenetik. Kirol talde honen helburua kirolaren bitartez pertsona ezinduen gizarteratzea bultzatzea da. Horretarako taldeak bazkideei 3.000 euroko inguruko kostua duen materiala mailegatzen die bazkideei, kirol berriak probatu eta kirola praktikatzeko aukera izan dezaten. Hortaz gain, taldeak aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen die erabiltzaile interesdunei.