Sare sozialetan dugun jardunaz ari garela, maiz duda bat sortzen zaigu, hain zuzen, edukiak argitaratzeko maiztasunaren ingurukoa. Kezka hau, bereziki, sareak sustapen komertzialerako erabiltzen dituztenen artean sortu ohi da, enpresak izan, bere egoera laborala hobetu nahi duen profesionala izan.
Lehenik eta behin, gogorarazi behar dugu funtsezkoa mamia dela, haren kalitatea, eta behin hori bermatu eta gero has gaitezkeela maiztasunaz kezkatzen.
Facebook sarearen bataz besteko gaurkotzearen maiztasuna ez da handia, mezuek hiru bat orduko iraupena izan ohi dute eta. Prime time delakoa ezagututa, hots, gure markaren audientzia gehieneko ordua, “erraz” koka dezakegu egoera baten gaurkotzea, gure jarraitzaile gehienengan irits dadin.
Marka handien batez bestekoari erreparatuta, egunean batetik hirura bitarteko argitalpenak egiten dituztela ikusiko dugu, eta batzuek baita bi egunean behin ere. Maiztasun hori bi eragilek baldintzatzen dute: markari buruzko albisteak sortzeko ahalmena da bata eta jarraitzaileak ez nekarazteko asmoa da bestea.
Oro har, pyme edo saltoki arrunt batentzat, egoera behin edo bitan gaurkotzeari nahikoa deritzot, betiere haietako bat benetan interesgarria izanez gero.
Twitter, ordea, besterik da, mezuek ordu erdi eskaseko iraupena izan ohi dutelako, gure timelinean espazioa okupatzeko lehia ikaragarria da eta. Kontuan hartuta ikerketa batzuen arabera laugarren txiotik aurrera jarraitzaileen arreta mailak sekulako beherakada nozitzen duela, pyme batentzat lau txio eguneko aski dela ondoriozta dezakegu.
Edonola ere, gogora ekarri behar dugu inportanteena maiztasun desberdinekin saiatzea dela, eta haietatik geure ondorioak lortzea, bakoitzak bere audientziak izaten ditu eta.
Pablo Moratinos
Marketing Online-ko aholkularia
3yMedia Comunicación Digital