Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

Apirilaren 13an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkari astekariaren zenbakian Bidasoa eskualdeko azken albiste eta nobedadeak biltzen dira. Lau orrialdetan bost zutabetara maketatutako aldizkariaren garai hartako biztanleen eguneroko bizitzarekin loturiko gai ugari topatu daitezke.

“Mairus” izenordearekin sinaturiko artikulu batean Espainiako egoera politiko eta sozialaren analisi bat egiten da aldizkariaren zenbaki berri honi hasiera emateko. “Anotaciones de un chismoso” atalean, berriz, lan jardunaldia 8 ordura murrizteak irundarren bizitzetan eragin dituen aldaketak aipatzen dira, izan ere, aldaketa honek irundarren ohitura eta bizimoduan aldaketa oso nabariak eragin baitzituen.

Jarraian, “Buzón el Bidasoa” atalean aldizkarira irakurleek idatzitako gutunei erantzuten zaie, jasotako gutunen egokitasuna baloratuz. Hurrengo atalak “De todo un poco” izena du eta Irun eta inguruko herrietako eguneroko bizitzako kontuekin loturiko albiste laburrei tartea eskaintzen zaie. Ostean, “Txori txikia” izenordearekin sinaturik, “¡Ai-ene!” olerkiak betetzen du hurrengo zatia.

Kirol kronikari eskainitako atal luze batean, futbola da hizketa-gai nagusia, hainbat talderen arteko partiduen emaitzak komentatzen direlarik, hala nola, Real Union, Reala, Bartzelona eta beste hainbat. Kirola alde batera utzi eta aldizkarian gaurkotsunezko gaiek protagonismoa irabazten dute berriro, kasu honetan, pataten prezioaren igoera.

“Filosofia barata” titulupean “X” izenordea darabilen autoreak neskameen grebarako eskubidea zalantzan jartzen du. Aduanaren inguruko azken nobedadeak aipatzeaz gain, zenbaki honetan aduanek azken astean loturiko irabaziak publikatzen dira. Mugaren gaiari eutsiz, Frantzia eta Espainiako estatuaren arteko harreman komertzialak hobetzeko Madrilen sorturiko “Office Comercial”-aren sorreraren berri ematen da.

Ondoren, azken udal bilkurako erabakiak banan-banan zerrendatzen dira eta “Principal eta “Bellas artes” antzokietako datozen egunetarako programazioa errepasatzen da. Gainera, Aste Santuan zehar Junkaleko parrokian egingo diren ekintzen egitaraua gehitzen da ere.

Beti bezala, aurreko zenbakietan ikusi bezala, “Ecos de sociedad” atala hiriko biztanle aberatsen nondik norakoak errepasatzen dira. Azkenik, albiste laburren atalean, guardiako farmazia eta azken jaiotza, ezkontza eta heriotzen berri emanez aldizkariaren zenbaki honi amaiera ematen zaio, hiriko establezimenduen publizitate orrialdearen aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude