Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

57681: Nesken eskola Junkaleko elizaren aurrean 1909. urtea baino lehen ateratako argazkian.

1920. urteko ekaineko aldizkaririk topatu ezean, 1918ko ekainaren 23an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkaria aukera aproposa izan daiteke garaiko gertakariak errepasatzeko. Aldizkaria hiriko eskolen egoera tamalgarria aipatzen duen idatzi batekin hasten da. Jarraian, geltoki inguruko auzoan eskola eta merkatu bat eraikitzeko proposatutako proiektua oraindik errealitate bihurtu ez dela salatzen da. “Notas locales” atalean, berriz, aurreko egunetako eguraldi txarra, mugaren irekiera eta hiriko bandarekin loturiko albiste laburrak biltzen dira. Aldakaitzek Magnolia izeneko zuhaitzen inguruan hitz egiten du bere idatzian.

38584: Geltoki kalea 1910. urtea baino lehen, atzean Hondarribia kaleko lehen eraikinak ikusten direlarik.

Mañuelen ohiko kolaborazioaren ostean, Elizondoko bandak Iruñeko lehiaketan parte hartuko duela iragarriz hasten da aldizkariaren bigarren orrialdea. Xavier de Mirandak Gaucho Pamperori zuzendutako gutun irekia partekatzen du zenbakian “Diario de Navarra” egunkarian sanmartzialei buruz argitaratutako artikulu baten harira. Kirol kronikan ekainaren 29an egingo den Kroseko parte-hartzaile, izen-emate eta bestelako xehetasunak azaltzen dira. Hortaz gain, hiriko jaien inguruan antolatuko diren bestelako kirol txapelketen berri ematen da. Hurrengo albistean hiriko jaien inguruan antolatutako lehen ekitaldi kulturalen berri ematen du, jarraian irakur daitekeen artikuluan, berriz, gerrako sufrimendu eta bortizkeriaren inguruan gogoeta egiten den bitartean.

57807: Erromeria San Martzial mendian 1910-1913. urteen artean.

Antzokien hurrengo egunetarako programazioa errepasatu ostean, Satarkak “Ama´ren Maitasuna” olerki sorta argitaratzen du aldizkariaren hirugarren orrialdeari hasiera emateko. “Notas Municipales” atalaren bitartez azken udal erabakiak jakinarazten dira, “Hace años…” atalak aspaldiko albisteak gogoratu eta “Ecos de sociedad” atalean hiriko biztanle aberatsen bizitzetako gorabehera nagusiak errepasatzen diren bitartean. Atal aski ezagun hauen bitartez alearen amaiera iragartzen da, publizitatez betetako orrialdeari paso emateko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude