Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

38660: Ostiral Santuko prozesioa Echeandia etxearen albotik XX. mendearen hasieran.

1919ko apirilaren 20ean argitaratutako “El Bidasoa” astekarian Aste Santuko ospakizunak dira astekariaren 190 zenbakiko hizketa-gai nagusia, nahiz eta bestelako albisteen bitartez eskualdeko gaurkotasunari ere erreparatzen zaion.

Aste Santuko ospakizunekin loturik, “Cosas que se pasan en Irun” tituluarekin Mañuelek 1919ko Aste Santuan zehar Irundik jende gutxiago igaro dela aipatzen du. “De todo un poco” ataleko albiste labur batean ere Kolon pasealekutik ibilgailu gutxiago igaro direla aipatzen da ere, era berean, pasealekuko zikinkeria salatuz. “Las procesiones” artikuluan, berriz, Aste Santuan zehar eskualdean elizako jai honen inguruan antolaturiko ekitaldi ezberdinen errepasoa egiten da. Azkenik, “De ré musical” titulupean Aste Santuan zehar entzundako musika erlijiosoen kronika egiten da ere.

38655: Ostiral Santuko prozesioa Eliza kaletik 1908 baino lehen.

Ospakizun erlijiosoez gain, gaurkotasunezko beste albiste batzuk aurki daitezke zenbaki honetan ere. Udal Musika Bandako musikariek soldatak igo eta haien zereginak murrizteko egindako eskakizunari erreferentzia ugari egiten zaizkio, eskaera honen zentzugabetasuna salatzeko. “La politica nacional” atalean, ordea, estatuko azken gertakari politikoen errepasoa egiten da. Gainera, Pepita Legarretaren heriotzaren berri emateko artikulu berezi bat ageri da zenbaki honetan ere.

Kiroletan, ohikoa denez, futbola da hizketa-gai nagusia Vigo, Reala, Bartzelona eta Real Union taldeetako azken jokaldiei tartea eskaintzen zaielarik. Hortaz gain, “Pedestrismo” titulupean Behobia-Donostia lasterketaren ostean maratoi bat antolatu nahi dela dioen zurrumurrua ezeztatzen da, horrekin batera, Zumarragako Krosa eta San Pedroko Krosaren nobedadeak ere aipatzen direlarik.

Olerkiei lekua egin zaie aldizkariaren zenbaki honetan ere. “Soneto” tituluaren azpian M. Esteve y Ponsek olerki bat eskaintzen dio Rosario Michelenari. Ondoren, “¡ Berak bakarrik!” titulua duen “Txingudik” sinaturiko lana irakur daiteke ere.

57792: Aste Santuko prozesioa Fermin Calbeton kaletik XX. mendearen hasieran.

Bestetik, aldizkarian kexarako tartea dago ere. bizirauteko premiazkoak diren elikagaien prezioen igoera salatzen da batetik eta, bestetik, hiriko kaleen egoera kaxkarra nabarmentzen da, udala zuloen konponketaz arduratu dadin. Azkenik, Udal bilkurako azken erabakiak, Sopa Juliana egiteko errezeta batekin eta datozen eguneko emanaldiak iragartzen dituzten albisteekin itxiera ematen zaio zenbaki honi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude