
1918. urteko uztailaren 7an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariaren zenbakia duela 100 urte gutxi gorabehera Irunen albiste ziren gertakariak irudikatzeko aproposa izan daiteke. Aldizkariaren lehen artikuluan Berakoecheak Irunen hezkuntza sistemak zeuzkan gabeziak aipatzen ditu, goi-mailako ikasketak burutzera iristen ziren ikasle kopuru txikiaz ohartaraztearekin batera. Mañuelek Arkalek, Mañuel Picaveak, idatzitako gutunari erantzuten dio, aurreko zenbakia berari buruz idatzitako gutunarengatik eskerrak emateko. “Acusando recibo… “ tituluarekin, Angel Maria Castellek aldizkarira bidalitako gutuna argitaratzen da, bere lagun Valverde eta Irungo alardearekin lotutako oroitzapenak partekatzeko. Jarraian, artikulu laburren bilduma baten bitartez 1918. urteko San Pedro eta San Martzial jaien gertakari nagusiak laburbiltzen dira, alarderik gabeko jai euritsuak izan zirela gogoratuz.

Kirol kronikan, hiriko festen inguruan antolatutako kirol ekitaldien errepaso egiten da, aspalditik Irungo jaiekin loturik kirol ekintzarik antolatzen ez zela aipatuz. Hortaz, Real Union futbol klubaren partiduak, “Cross Country”-a, estropadak edo ibaian antolatutako igeriketa txapelketaren emaitzak argitaratzen dira. “Dos Cartas” atalean, berriz, El Bidasoa eta Aldabe aldizkarietako azken zenbakietan argitaratutako kolaborazio gatazkatsuez hitz egiten da. Ondoren, Arragua baserrian lanean ibili zen Austiña izeneko emakumearekin lotutako istorioak kontatzen dira. Jarraian, aurreko zenbakian Hondarribiko kasinoaren berritze lanen inguruan argitaratutako artikuluaren inguruko zenbait azalpen ematen dira, gaizki-ulertuak saihesteko.

Irungo festen errepaso sakona egiten duten kronika irakurri ostean, Elizondoko musika-bandak Iruñeko txapelketarako bidaia ordaintzeko egindako diru-bilketaren ekarpenen zerrenda argitaratzen da. Azkenik, “Hace años…”, “Ecos de sociedad” eta “Noticias” atal ezagunekin amaitzen da orrialdea, publizitate iragarkiz betetako azken orrialdearen aurretik.