Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

G61945: Erizainak eta Gurutze Gorriko delegazioaren ordezkariak kontsultategiaren aurrean.

1920ko aldizkaririk aurkitu ezean, 1918. urtean argitaratutako aldizkariak aproposa izan daitezke duela mende bat Irunen albiste ziren gertaerak ezagutzeko. 1918ko urriaren 6ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariari gripe epidemiaren inguruko informazio gaurkotuarekin hasiera ematen zaio. Artikuluan epidemia geldiarazteko jarraibideak ematen dira. Hurrengo idatzian udalak esne saltzaileen prezioetan esku-hartu behar izan duela azaltzen da, esnearen salmentarako gehiegizko prezioak finkatu eta baserritarrek erosleez abusatu ez dezaten. “Neronek” kolaboratzaileak Heinenen olerki bat euskarara itzuli du zenbaki honetarako. Isidro Navarrok sinatutako idatziak azkenaldian mediku zein botikariek izandako lan karga handia agerian uzten du. “Cosas que se pasan en Irun” atalean Mañuelek gripe epidemiaren ondorioz Irunen jazotako gertakari arraro batzuk jasotzen ditu.

G10281: Segizioa hilerrira bidean 1949. urtean Pedro Castaing pilotari famatuaren heriotza dela eta.

Leon Iruretagoyena Irungo alkateak Gripearen ondorioz Irunen hartuko diren segurtasun neurri bereziak jakinarazten ditu bando baten bitartez. Ostean, Tomás Larzabal eta Ignacio Gal Camino bezala hirian epidemiaren ondorioz hil diren beste hainbat biztanle gogoratzen dira, bi irundar hauen bizitza eta heriotzaren xehetasunak azalduz. “Señoras no es para tanto” idatzian “El Bidasoa” aldizkariaren aurreko zenbakian argitaratutako artikulu baten inguruko azalpenak ematen dira, irakurleen artean gertatutako gaizki-ulertua azaltzeko. Jarraian, Hondarribia zein Elizondoko zenbait albiste irakur daitezke.

G55597: Olimpo farmazeutikoa Hermanos Zaragüeta farmazian, 1910. urtearen inguruan Eliza eta Fermin Calbetón kaleen artean kokatuta egon zena.

Aldizkariaren hirugarren orrialdearen hasieran gripe gaixo baten logelan beharrezkoak diren gauzak eta hartu beharreko neurrien berri ematen da. Segidan, trenbideko langileen erakundeak antolatutako lehiaketa literario eta soziologoaren oinarriak argitaratzen dira, lehiaketan parte hartu ahal izateko urratsak azaltzeaz gainera. Azkenik, “Ecos de sociedad” eta albiste laburren atal mitikoarekin amaitzen da “El Bidasoa” aldizkariaren 196. zenbakia, publizitate orrialdearen aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude