Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

G57862: Egungo Genaro Echeandia plazaren ingurua. Erdian prentsaren salmentarako kioskoa, eskuinean antzinako merkatua eta alondegia eta ezkerrean Echeandia etxea eta Fermín Calbetón kalea.

Orain dela mende bat Irunen albiste ziren gertaerak aztertzeko, 1920. urteko aldizkaririk topatu ezean, 1918. urtean argitaratutako publikazioak aproposak izan daitezke. Zehazki, 1918ko abenduaren 8an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkaria E. Esparzak Pio Baroja idazlearen idazkera estiloaren inguruan argitaratutako artikulua hasten da. Hurrengo idatzian, hiriaren gaurkotasunarekin lotutako zenbait nobedade biltzen dira albiste labur formatuan, adibidez, udaletxearen berrikuntza lanak, hurrengo Sanmartzial festen edo alkatearekin lotutako gaien inguruan hitz egiten delarik. Jarraian, irakurleek aldizkariaren egoitzara bidalitako gutunen eskariak biltzeko atala zabaltzen da aldizkarian, irundarren eskari eta iritziei tartea emateko. Txori txikik Bidasoaz bestaldeko euskaldunei zuzendutako idatzia publikatzen du, gerraren testuinguruan animoak emateko. Ostean, Sortzez Garbiaren eta Santa Barbara elizako ospakizunen zergatia azaltzen da aldizkariko hurrengo idatzietan.

G29198: Ibilgailuak Fermín Calbetón kalean aparkatuak, XX. mendearen hasieran, Aduanas Viuda de Fernández egoitzaren aurrean aparkaturik.

Mañuel kolaboratzaile ohikoak “Cosas que se pasan en Irun” atalean Fermín Calbetón kalearen izena eta izen bereko pertsonaren bizitzaz gogoeta egiten du. “La autonomía del Bidasoa” testuan, Bidasoa eskualdearen jatorrien inguruko gogoeta egiten da tren bidai batean izandako elkarrizketa baten bitartez. Kirol kronikan, Tolosako lasterketako emaitzen laburpenarekin batera, Irungo Txapelketa eta futbol partiduen emaitzak komentatzen dira. Horren ostean, Fermín Calbetón Ogasun ministro gisa hautatua izan delaren albistea gogorarazten da. Ostean, Txori Txikik zuzenbidea eta indarraren arteko irudizko elkarrizketa bat islatzen du bere idatzian.

 

G57769: Ezkerrean Aduanaren instalazioak eta eskuinean Irungo tren geltokia, 1906. urtearen aurretik.

“De la cuenca Elizondo” atalean, Elizondon aliatuen garaipena ospatzeko antolatutako otorduko parte-hartzaile eta bazkariko gertakariak laburbiltzen dira. “En el municipio” atalean azken udal bilkurako erabakiak bildu ostean, Satarkaren “¡Gabirai-Gaiztua!” titulua daraman olerkia irakur daiteke. Ohikoa den bezala, “El Bidasoa” aldizkariaren 171. zenbakia “Ecos de sociedad”, antzokien hurrengo egunetarako programazioarekin eta berri laburren atalarekin amaitzen da, publizitate orrialdearen aurretik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude