Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

38127: Emakume bat Pausu eta Biriatou lotzen zituen errepidetik ibiltzen, Bidasoa ibaiaren bazterretik (XX. mendearen hasierako irudia).

1921eko maiatzaren 8an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak duela 100 urte Irunen albiste ziren gertakariak biltzen ditu. Aldizkaria S. Ignotusek sinatutako “Cuento Vasco” izenburuko artikuluarekin hasten da, kondaira baten bitartez Bidasoa ibaiaren bazterretan mugitzen zen sorgin bat eta Ramon izeneko bere hiltzailearen artean gertatutakoa kontatzen da. Jarraian, Yolek “Versos inéditos” atalean “En el desierto” tituluko olerkia irakur daiteke. Arkale aldizkariko ohiko kolaboratzaileak “Materias de primer orden” izenburua duen idatzian, politika eta alderdi politikoen jarrerarekin loturiko artikulu zabalaren sarrera aurreratzen du, idatzia hurrengo igandeko aldizkarian jarraipena izango duela jakinarazteko

48962: Pikoketa kalea, eskuinean Bellas Artes zine-antzokia ageri delarik. Antzokiak bere jarduera 1914. eta 1973. urteen artean garatu zuen.

Kirol kronikan Espainiako futbol txapelketaren finala da protagonista eta, txapelketa erregionaleko azken partiduen emaitza gogoratzeaz gainera, finala jokatuko duten jokalariak aipatu eta afizioaz hitz egiten da. Era berean, kirolari eskainitako atalaren barnean bestelako kirol ekitaldiak aipatzen dira, modu laburragoan bada ere. Colón futbol klubak haurrentzat antolatutako lasterketa edo Amuteko partiduen gorabeherak aipatzen dira, besteak beste. Kontakizun luze baten bitartez P. Sarasquetak maiatzaren 1ean ospatzen den Langilearen Egunean bidaiari batek Irunen izandako bizipenak kontatzen ditu, egun hartaz disfrutatzen lagundu zioten irundarrei eskerrak emateko. Idatzi horren ostean, “El Bidasoa” aldizkariko zuzendariari idatzitako gutunean hauteskundeen antolaketak ezkutatzen dituzten trikimailu eta iruzur txikiak salatzen dira, hiritarrak jakinaren gainean jartzeko.

38411: Emakumea eta haurrak Peña kalean. Atzealdean, Urdanibia plaza. (XX. mendearen hasierako irudia).

“Inquilinos y caseros” titulua daraman idatzian etxejabe eta maizterren arteko gaizki-ulertuez hitz egiten du Sarabatillok, alokairuen prezioaren igoera bidegabea salatzeko. “Charlas femeninas” atalean “El Bidasoa” aldizkarian olerkiak argitaratu ohi dituen Yole olerkariari emakumeen aldeko poemak argitaratzen jarraitzea eskatzen zaio, emakumeak indartzeko horrelako ekintza txikiek duten garrantzia erakusteko. Hurrengo idatzian Bellas Artes antzokian datozen egunetan egitekoa zen organo entzunaldia iragartzen da. Aldizkariaren azken orrialdearen aurretik, “Notas municipales” eta “Noticias” atal ezagunekin osatzen dira azken artikuluak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude