1921eko uztailaren 24an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak momentu hartan Irungo hiriak bizi zuen errealitatea uzten du agerian. Aldizkariko lehen artikuluan Irun eta Hondarribia lotzen dituen tranbian jendea edonola igotzen dela salatzen du E.R. kolaboratzaileak. “Lagun artea” titulua daraman olerkiaren aurretik, jarraian Errenteriako aldizkari batetik hartutako poema irakurriko dutela azaltzen zaie irakurleei. Ondoren, Yole aldizkariko olerkigile ohikoaren azalpen testua irakur daiteke. Testuan aurreko igandeko zenbakian argitaratutako poemen zergatia eta testuingurua azaltzen ditu Yolek.
Kirol kronikan, berriz, futbol denboraldiaren amaiera aipatzen da. Artikuluan Real Union klubeko lehen taldeak amaitu berri den denboraldian jokatutako partidu guztien emaitzak biltzen dira. Hurrengo idatzian uda osoan zehar Kasinoan antolatuko diren dantzaldi eta kontzertuen berri ematen da, ekitaldi horietako etekinaren parte bat hiriko gaixoei laguntzeko erabiliko direla azaltzeaz gainera. Re-la-mi-dok idatzitako Udal Musika Bandak gauetan eskainitako kontzertuen inguruko gogoeta irakur daiteke jarraian. Hondarribiko atalean Miramar jauregiari eta Santiago egunean egitekoa den dantzaldiari buruzko artikuluak argitaratzen dira. Bigarren orrialdearen amaieran eta hirugarrenaren hasieran, Tuberkulosiaren aurkako kontsultategiari eta haurrentzako udalekuei laguntzeko tonbolarako bildutako gauzen eta opari horien emaileen izenak irakur daitezke.
“Notas Municipales” atalak azken udal bilkuran hartutako erabaki garrantzitsuak argitaratzen ditu. “Ecos de sociedad” atalean ordea, hiriko pertsona aberats eta esanguratsuek azkenaldian egindako bidaiak zerrendatzen dira. “Noticias” izeneko berri laburren atalaren ostean, “El Bidasoa” aldizkariaren 308. zenbakia publizitatez betetako orrialdearekin amaitzen da.