1921eko irailaren 11n argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte hirian albiste ziren gertakariak biltzen ditu. Aldizkariaren hasieran Francisco Rodríguez Gal eta María del Rosario de Menarguez y Vera irundarren heriotzaren berri ematen da. Jarraian, idatzi luze batean Horacio de Sarasquetak gerrako bizipenetan oinarritutako ipuin bat kontatzen du. Hurrengo idatzian hiriko eraikin ezagunetan kokatutako erlojuen artean dagoen ordu-aldea aipatzen da, guztiek ordu okerra dutela salatzeko.
Kirol kronikan Amuteko zelaiko konponketa lanak, Espainiak Belgikaren aurka jokatuko duen partiduaren data, Marokon gerran borrokatzeko deitu dituzten kirolarien zerrenda eta Chilen Legarreta jokalariaren taldeak lortutako garaipena aipatzen dira. Ondoren, Kale Nagusian San Ramón jaiak ospatzeko antolatutako dantzaldiaren kronika irakur daiteke. “De todo un poco” atalean San Juan Harri zutabearen toki aldaketa, tranbiaren ibilbidea errazteko Colon Pasealekuan moztutako zuhaitzak, Mendeluko estolderia arazoak eta Bandako kontzertuak oztopatzen dituzten gaztetxoen jokabideak aipatzen dira. Irundik Lesakara egindako txango bat laburbiltzen duen testuaren ondoren, irundar asko Donostian Afrikara borrokatzera joandako soldaduen agurra ikustera joan zirela kontatzen da.
Aldizkariaren hirugarren orrialdean azaltzen denez, mutil gazte asko hurbiltzen zen Irunera igandeetan, Pi eta Margall plazako dantzaldira neskekin dantzatzeko. Adierazten denez, suziri batek iragartzen zuen gaueko azken trenaren irteera. “Notas Municipales” atalean azken udal bilkurako erabakiak laburbildu ostean, Noticias atalean azken albiste laburrak argitaratzen dira, “Ecos de Sociedad” atal aski ezagunarekin aldizkariaren 315. zenbakia amaitu aurretik.