
“El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. 1922ko urtarrilaren 22an argitaratutako lehen artikuluan G. Echeverriak Irunek dauzkan abantailak azpimarratzen ditu, Donostia edo Espainiako estatuarekin alderatuz. Yole kolaboratzaileak berriz, heriotza azkeneko guduarekin alderatzen du aldizkariaren zenbaki honetan argitaratutako olerkian. Ostean, estatuaren eta aduanako agenteen arteko norgehiagokak utzitako azken albisteak biltzen dira; langileen batasuna lortu bada ere, ez du inolako emaitza onik ekarri. “Charlas Femeninas” atalaren azken kapituluan Gurutze Gorriari laguntzeko Antzoki Nagusian antolatuko den festaren berri ematen da, emakumeek bertan parte hartzeko aukera izango dutela azpimarratuz.

Kirol kronikan Real Union taldeak Realari irabazi izanaren albistea ematen da, ikuslego jendetsua izan zuen partiduaren nondik-norako guztiak azaltzen dituzten hainbat artikulurekin batera. Aduanaren gairi berriro ekinez, desadostasunek eragiten dituzten atzerapenak agerian geratu dira. “En el municipio” atalean, berriz, azken udal bilkurako parte-hartzaileak zeintzuk izan ziren eta zer erabaki hartu ziren zehazten da.

Re-la-mi-do kolaboratzaileak “El Bidasoa” aldizkarian txiste onenak biltzeko lehiaketa bat hasi duela iragarri du, ekarpen barregarrienak aldizkarian argitaratuko direlarik. Beraz, aldizkariaren erredakzioak txisteak bidaltzera gonbidatzen ditu irakurleak. Jarrain, udal hauteskundeetarako hilabete bat baino gutxiago falta dela aipatzen da, udalbatzaren osaketak duen garrantzia gogoratzeaz gainera. “De todo un poco” atalean, aldiz, Real Union klubak kirol zelaiaren eraikuntzaren inguruan dituen zalantzak azaldu ditu. Bestetik, Guillermo Iguarán irakasleari ikasleek egindako omenaldia aipatzen da. Azkenik, “Noticias” atalaren ostean, publizitate orrialdearekin amaitzen da “El Bidasoa” aldizkariaren 334. zenbakia.