1922ko apirilaren 9an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. Euskal mitologiaren hainbat pertsonaia eta euskal lurraldeko hainbat leku aipatzen dituen testuan Serafín Baroja nobelagilearen lana errepasatzen da. “El problema de la leche” titularraren azpian, esne eskasiarekin eta esnearen kalitate txarrarekin loturik hiriak bizi duen arazoa aipatzen da berriro ere. “Versos románticos” atalean Yole kolaboratzaileak desamodioari buruz idatzitako olerkia irakur daiteke. Lehen orrialdearen amaieran Castor Tellechea sukaldaritza irakasleak Palace Hotelean patatei buruz eskainitako prestakuntza xehetasun osoz kontatzen du P. Sarasquetak.
Bigarren orrialdean Titok Eusebio Pedrós zoriontzeko olerki bat idatzi du, non Eusebioren urtebetetzea ospatzeko bere bizitzarekin loturiko gauza guztiak aipatzen dituen. Ia orrialde osoa betetzen duen kirol kronika zabalean, berriz, Real Madrid eta Real Union taldeen partiduan madrildarrak irabazle izan zirela kontatzen da, Amuteko partiduetan gertatutakoak aipatzeaz gain.
Hirugarren orrialdearen hasieran, futbola alde batera utzi aurretik, Espainiako taldeek lan egiteko duten modua Alemaniakoekin alderatzen da. Atsegin-ta Bar izena erabiliz sinatzen duen kolaboratzaileak euskaraz idatzitako “Goiz goizetikan” bertsoa irakur daiteke. “Buzón de El Bidasoa” atalean irakurle bat Elizatxo kaleko espaloiaz kexatzen da, hori konpontzeko zinegotzi izan nahiko lukeela esanez. Román S. de Vicuña jaunaren heriotza jakinarazi ostean, “Noticias” atalean hainbat albiste labur biltzen dira, besteak beste, gau eta eguneko farmazia zein izango den. “Notas Municipales” atalean azken udal bilkurako erabakiak laburbildu ostean, aldizkaria publizitatez betetako laugarren orrialdearekin amaitzen da.