Museoak hainbat tresna eta eguneroko bizitzan erabiltzen ziren oinetako, ontzi, txanpon… eta abar erakusten dizkigu. Gurean dagoen Oiasso Museoa gainera, pieza arkeologiko ugari biltzeaz gain, organikoak diren piezen erakustoki garrantzitsua da, eta 2000 urte lokatzetan gorderik biziraun duten zapata zola, gerriko, oihal zati, egurrez egindako tresnak eta abar ere baditu erakusgai. Horiei esker, meatzariek edota arrantzaleek nola lan egiten zuten jakin dezakegu, baita zapatari, jostun, tabernari, sare konpontzaile, arotz edo etxebizitzak eraikitzen zituztenei buruzko berriak ere. Den–denek, seguruenik, lan egiteaz gain, kontu kontari aritzeko tartea ere izango zuten, ziur. Eta musika edo abestiak ere eguneroko bizitzaren zati garrantzitsua izango ziren, nola ez! Baita zirkua edo antzerkia ere, jakina! Aisialdia oso garrantzitsua zen erromatar garai hartan, baita Oiasson ere.
Erromatarrek asko maite zituzten gizaki eta animalien arteko borrokak. Horien krudeltasunak erakusten digu balioek urte guzti hauetan jasan duten aldaketa. Erromatar garaian ez zeuden gaizki ikusita horrelako borrokak, esklaboen bizitzak ere ez zuen gehiegi balio. Horrelako kasuetan gainera erromatarrek ez zuten kulpa edo gupidaren arrastorik, ikuskizunak ziren, eta denek zekiten zeintzuk ziren jokoaren arauak.
Horregatik askotan galdetu izan ohi da, atzera egingo bagenu, bi mila urteko jauzia egiterik bagenu, zer topatuko genukeen erromatar bizitza hartan, eta seguruenik guretzat deigarriena horixe litzateke, gizaki eta animalien arteko borroka bortitzekiko zaletasuna. Esklaboak eta kasu askotan haiekiko tratua ere guretzat ulergaitza izango zen. Duela 2000 urte esklaboak “hitz egiten zuten animaliak” zirela esaten baitzen. Eta esklabo gehienak gainera ez ziren gerran atxilotutako etsaiak izaten baizik eta familia buruek onartzen ez zituzten haurrak izaten ziren, alegia, abandonatzen zituzten umeak. Hau ere guretzat gogorregia.
Zaila izango zen ere guretzat orduko usain eta zikinkeria jasatea. Edo sexuarekiko zuten ikuspegi askea. Edo ezgaitasuna zutenekiko gupidarik eza.
Hari horretatik jarraituz, imajina dezakegu erromatar garaian tabernetan edo lanean ari ziren bitartean, edo merkatuan kontu kontari aritzen zirenean zer nolako umorea zuten eta zertaz barre egiten zuten. Jakin, ez badakigu ere, ezaguna da garai hartan komediarekiko zaletasuna. Antzinako Grezian, tragediak nagusi ziren bezalaxe -nahiz eta komediek ere bere lekua izan-, erromatarren garaian komedia zen nagusi, eta umorea! Plauto handiaren antzezlanak etengabe antzezten ziren, baina antzerki handiaz gain, edozein herrixka eta azokatan kontalari humoretsuek txanpon edo janari truke xelebrekeriak kontatzen zituzten. Gaur egungo monologolariek egiten duten antzera. Kalean antzerkia ikustea ohikoa zen. Baina garai hartan zertaz egiten zuten barre? Batez ere, sexu kontuak ziren gogokoak, eta nola ez, adarrak jartzea:
Lagun batek besteari:
– Zorionak! Zure emazteak haurra eduki duela jakin dut!
– Bai -erantzun zion lagunak haserre- zu bezalako lagunei esker!
Edota aita eta semea neska berdinaren atzetik ibiltzea… Edo senarrak muxu ematean sortzen duen atzerakada bere hats txarragatik.
Hats txarra duen gizon batek emazteari galdetzen dio:
– Zergatik gorrotatzen nauzu?
– Maite nauzulako!
Besazpiko usaina ere txiste aitzakia izan daiteke… esate baterako garai hartakoa da txiste hau:
Bi emakumek gizon bera maite zuten, batek hats txarra zuen, besteak besapean kiratsa, eta lehenengoak esan zion:
– Emaidazu muxu bat
– Emaidazu besarkada bat -esan zion bigarrenak
– Zer egin dezaket -galdetu zuen gizonak- bi gaitzen artean nago!
Jeloskortasunak sortutako borrokek ere barrerako aukera ematen zuten. Eta nola ez aberats berrien handinahikeria, jakintsuen harropuzkeria, soldatuen baldarkeria, negozioetako tranpak…
“gizon batek besteari haserre:
– Saldu didazun esklaboa hil egin da!
– Ene bada, ez da izango, nirekin egon zen bitartean ez zuen horrelakorik inoiz egin!”
Philogelos, IV. mendeko txiste bilduma da, eta bertan era honetako txisteak topatu ditzakegu, baita Pompeiako hainbat graffitietan ere. Ospetsua da honako hau:
– Quinok Tais maite du.
– Ze Tais?
– Tais begi bakarra.
– Taisi begi bat bakarrik falta zaio, Quinori berriz biak!