Edozeinek eduki beharko luke zinemaz euskaraz askatasun osoz gozatzeko aukera. Ikusmen arazoak dituzten pertsonek, ordea, filmaren isiltasun uneetan gertatutakoa ulertzeko zailtasunak izan ohi dituzte. Oztopo horiek gainditzeko asmoz, Raquel Hernandez Zinebai proiektua martxan jarri zuen Orbela Kultur Elkartearekin.
Nola sortu zen proiektua martxan jartzeko ideia?
Aspalditik buruan neukan ideia bat zen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren META! programa ezagutu nuenean hasi zen dena. Duela 10 urte baino gehiago Iruñeko Zinemaldian lanean ibili nintzenean ezagutu nuen gazteleraz “zine irisgarria” izeneko atala. Euskaraz antzeko zerbitzurik ez dagoela ikusita, lanean hastea erabaki genuen.
Zein da proiektuaren helburua?
Oinarrizko helburua euskaraz zinema irisgarria posible egitea da. Alde batetik, itsuak diren edo ikusmen-arazoak dauzkaten pertsonentzat. Bestetik, Gipuzkoan zinemaren industriaren hazkundea bultzatzeko lanpostuak sortzea, audio-narratzailearen figuraren sorkuntzarekin.
“Oinarrizko helburua euskaraz zinema irisgarria posible egitea da”
Raquel Hernandez, Zinebai proiektuaren bultzatzailea
Honelako proiektua martxan jarri duzuen lehenak izan zarete?
Bai, proiektuaren aitzindariak garela esan daiteke. Izan ere, horrela sortu zen ideia, hutsunea betetzeko asmoz.
Zein beste hizkuntzetan dago zinema irisgarria eskuragarri jada?
Gainontzeko hizkuntza gehienetan: erdaraz, frantsesez, suedieraz, alemanez, …
Nola lortzen da zinearen egokitzapen hori?
Zinea irisgarri egiteko audio-deskribapenak erabiltzen dira, isilune momentuetan gertatzen dena deskribatzeko. Narrazioak grabatu eta sistema bati esker sarera igotzen dira, entzungailuen bitartez beharrezkoa duten pertsonek narrazioa entzun dezaten.
Non erabili ahalko dira audio-deskribapenak?
Edonon. Zineman pelikularen estreinaldiaren egunean edota etxean. Audio-deskribapenak ONCE elkartearen webgunean zintzilikatuko ditugu aplikazio baten bitartez edozein pertsonak edonoiz eskura izan ditzan.
Proiektuarekin abiatzeko zenbat pelikula egokitzeko asmoa duzue?
Printzipioz hiru izango dira. Haurrentzat “Elcano, lehen mundu bira” pelikula egokituko dugu. Helduenak, berriz, erabakitzeko daude oraindik, baina, datorren urtean estreinatuko diren filmak izango direla argi daukagu.
Erraza da audio-deskribapenak sortzea eta grabatzea?
Gezurra dirudien arren, zorroztasun handia eskatzen duen prozesua da. Audioa grabatzeko denbora oso zehatza da eta deskribapenetan iritziak eta balorazioak sartzea ekidin behar da.
“Jende askok egin du proiektua babesteko ahalegina eta eskertzekoa da”
Raquel Hernandez, Zinebai proiektuaren bultzatzailea
Zeintzuk dira proiektuaren finantzabideak?
META! programaren barnean, aldundiak komunikazioa gauzatzeko plataforma eskaintzen digu. www.goteo.org webgunean “crowdfunding” bitartez elikatzen garen proiektu guztiek gure atala daukagu kolaboratzaileen diru ekarpenak jaso ahal izateko.
Zenbat diru behar duzue proiektua aurrera eramateko?
Diru bilketarako bi txanda daude. Lehena urriaren 27an amaitzen da eta muga gainditzeko ia 10.000 euro lortu behar ditugu. Muga hori gainditzeko zenbatekoaren %98a lortu dugu jada. Bigarren erronda batean kopuru optimoa lortzen saiatuko ginateke, hau da, 13.000 euro.
Jendeak ondo erantzun du diru-ekarpenen deialdira?
Erabat harriturik nago. Gainontzeko proiektuetan 50 edo 60 pertsona inguruk egin dituzte diru-ekarpenak eta guk 145 laguntzaile lortu ditugu. Jende askok egin du proiektua babesteko ahalegina eta eskertzekoa da.
Etorkizunean pelikula guztiak egokitzea posible izango dela uste duzu?
Bai, horrela izango dela pentsatzea gustatuko litzaidake. Etorkizunean Donostiako Zinemaldiko Zinemira saileko pelikula guztiak euskarazko audio-deskribapenekin eskaintzea izugarria izango litzateke, honela, zinema irisgarri atal berri bat sortuz.
Zergatik du proiektuaren garapenak hainbesteko garrantzia?
Proiektuak ikusmen arazoren bat duten pertsonei zineaz independentzi osoz gozatzeko aukera eskainiko dielako.