Mendibil Merkataritza Guneko zinemak itxi dituzte
CineBox enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik, kolokan egon da Mendibil Merkataritza Guneko zinema aretoen etorkizuna. Ateak isten azkenak izan dira enpresako zinemen artean. Hala ere, abenduaren 27an kaleratze gutunak jaso dituzte langileek, eta amore eman behar izan dute. Urtarrilaren 13ra arteko epea eman du enpresak aretoak desegin aurretik. Baina ez da eroslerik agertu. Ezustekorik ez bada, amaitu da Mendibileko zinemen ibilbidea.
Sektoreko talde indartsuenetakoa izan zen CineBox, estatu mailan. 180 zinema areto zituen 2013ko ekainean, hartzekodunen konkurtsoan sartu zenean. Enpresa likidatzeko eskaera egin zuen orduan, ikusleen kopuruaren beherakadak eraginda. Jaitsiera horren arrazoi nagusiak agerikoak dira: interneten eta pirateriaren eragina, sarreren prezioaren gorakada, %21eko BEZa eta aisialdirako bestelako aukerak.
Aurrerantzean, CineBox aretoetako ateak itxiz joan ziren, banan-banan. Denetan azkenak, Mendibil Merkataritza Gunekoak izan dira. Abenduaren 27an hartu zituzten azken proiekzioak. Egun horretan bertan jaso zituzten langileek kaleratze gutunak. Zinemaren ateak itxi behar izatea “zartadakoa” izan dela onartu du Isabel Corral langileen ordezkari sindikalak. Gogorrak izan dira azken hilabeteak CineBox Mendibileko langileentzat. Hala ere, etorkizun iluna zuten arren, lanpostuari eusteko ahaleginak egin dituztela adierazi du Corralek: “Ez da gugatik bakarrik izan, Irun hiriarengatik baizik. Irunek zinema behar du. Lotsagarria da Donostia kultur hiriburu den urte honetan Gipuzkoako bigarren hiri handienak zinemarik ez edukitzea”.
Bizirauteko ahaleginak egin dituzte langileek
Hartzekodunen konkurtsoan egonik, CineBox enpresak Mendibileko bi areto besterik ez zituen digitalizatu, film berriak eman ahal izateko. Besteetan, zineklub modukoa antolatu zuten langileek. Beste zinemetako karteleretan ordurako ez zeuden pelikulak proiektatzen hasi ziren, sarreren salneurria murriztuta. Film horien kartelak langileek beraiek egin behar izaten zituzten, eta ezin zuten internet bidezko sarreren salmenta eskaini. Hala ere, ikusleen erantzuna positiboa izan zen.
Egoera prekario horretan ere, aretoek ikusleak erakartzen jarraitu zuten. “Mendibilekoa negozio errentagarria da. Aretoen errendimendua ez da izan arazoa”, azpimarratu du Isabel Corralek. 2015eko uztailan, beste enpresa batek aretoak erosiko zituela baieztatu zieten langileei. Notarioaren aurrean sinatzea besterik ez omen zen falta. Azkenean negoziazioek ez zuten arrakastarik izan, eta azaroaren amaieran jakinarazi zieten abenduaren 30ean aretoak itxi beharko zituztela. Langileek ez zuten amore eman. Bezeroen babesa jasotzeko mobilizatu ziren, eta 5.000 sinadura baino gehiago jaso zituzten. Irtenbideak topatzeko beste moduak ere bilatu dituztela baieztatu du Corralek: “Guk ahalegin guztiak egin ditugu. Merkataritza zentroko gerentziarekin hitz egin dugu, alkatearekin, lokalaren jabeekin…”.
Azken egunotan harremanak izan dira Ábaco-Cinebox taldeko konkurtso administratzaileen, Irungo Udalaren, Mendibil Merkataritza Guneko gerentziaren eta zenbait enpresaren artean. La Caixa banketxea da lokalaren jabea, eta 700.000 euro eskatzen ditu. CineBoxek lokalak desegin aurretik eroslerik agertu ez bada, are zailagoa izango da hemendik aurrera.