ZiztaKA Irunen euskara eta kulturarentzat arnasgune izango den espazioa sortzeko asmotik sortu da

Urte bat igaro da jada Irunen ZiztaKA taldea sortu zenetik. Hirian euskara eta kulturarentzat arnasgune izango den espazio bat sortzeko nahiak bultzaturik herri ekimenetik jaiotako proiektua da. Orain arteko ibilbidea laburra izan bada ere, ekimenak hirian jasotako babesak etorkizun oparoa aurreikusten du. Maddi Sanz eta Beñat Alzagak ZiztaKAren nondik-norakoak azaldu dituzte.

Zergatik erabaki zenuten Ziztaka proiektua martxan jartzea?
Maddi: Proiektua orain dela urte eta erdi sortu zen, euskara eta kulturaren inguruan ausnartzeko bildu ginenean. Hasieratik ideia nahiko argi genuen, baina, pixkanaka Irungo egoera zein zen aztertzen hasi ginen. Horrela, Irunen euskara eta kultura erdigunean jarriko dituen espazio bat beharrezkoa zela ikusi genuen.

Euskara eta kultura dira proiektuaren ardatzak?
Beñat: Bai. Esaterako, gu euskararen egoeraren inguruan kezkatuta geundelako batu ginen proiektura. Euskaraz gainera, kultur ekimenek Irunen nolabaiteko gabezia zutela ikusi genuen. Gabezia horren jatorrian euskara zein kulturaren beharrak asetzeko espazio nahikorik ez zegoela ikusi genuen. Horregatik, espazio baten beharra ikusten dugu eta espazio horrek euskara eta kultura ardatz izan behar dituela uste dugu.

Proiektua aurkezten hasi ostean, Irungo zenbait elkarte eta entitatean babesa jaso duzue?
Maddi: Urte luzez lagun talde bat proiektua marrazten eta pentsatzen egon gara. Behin gauzak argi izan genituenean eta proiektua aurkeztea erabaki genuenean, Irungo eragile eta norbanako desberdinekin harremanetan jarri ginen. Bilera horietan gure ideia azaldu genien, hasiera batean 10 pertsonen ideia zena, azken finean, jende askoren artean partekatutako asmoa dela ikusteko.

Zuen aurretik hirian badira kultura eta euskara bultzatzeko asmoarekin hirian martxan zeuden elkarteak. Zertan desberdintzen da zuen ekarpena?
Beñat: Ez dut uste gure artean ezberdintasun askorik dagoenik. Izan ere, gu geu euskarako eragileengana hurbildu gara genuen diagnosia konpartitzeko eta, diagnosiaz gainera, guk proposatutako soluziobidearekin eta espazio horren beharrarekin bat egiten ote zuten ikusteko. Egia esan, gure ideiak oso harrera ona izan du, baina, gure helburua egitasmo hau sustatzea eta aurrera eramatea da. Hau da, gure inguruan entitate guztientzako lekua dago eta denon artean eraiki beharreko proiektu bat dela uste dugu. ZiztaKAk sortu eta sustatu du, baina, irundar guztien artean irundar guztientzako egin beharreko zerbait dela uste dugu.

Nolako emaitza izan dute orain arte antolatutako hiritar-foroek?
Maddi: Egia esan antolatutako foroek harrera zoragarria izan dute. Bi foro egin ditugu, lehena urtarrilaren 9an eta bigarrena otsailaren 6an, tartean hilabeteko tartea uzteko. Lehenengo foroan 45 lagun inguru elkartu ginen eta momentuan indarrean zeuden segurtasun neurriak errespetatuz gela betetzea lortu genuen. Bertan profil desberdinetako jendea elkartu zen eta hori oso aberasgarria izan zen guretzat. Hilabete beranduago, berriro gela betetzea lortu genuen eta aurpegi berriak ikusi genituen. Jendea foroetara ilusioz eta gogoz etorri zela ikusi genuen eta guretzako opari hoberik ez dago.

Herri ekimenetik bultzatutako proiektua izango da, ezta?
Beñat: Bai, horixe da, herritik sortua eta herritik sustatu nahi den proiektua da. Orain, proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren hurrengo urratsak ikusi behar ditugu.

Zein baloretan oinarritzen da proiektua?
Ideia hau aurrera ateratzeko hainbat balore eta ideia jarri ditugu mahai gainean. Alde batetik, kultura sustatuko duen espazio bat izatea nahi dugu eta, era berean, euskararentzako arnasgune izango dena. Hortaz gain, parekidetasun eta berdintasunean oinarritutako espazio bat sortuko dugu. Beraz, irundar guztiak ongietorriak izango diren espazioa sortu nahi dugu.

Ideia aurrera eraman ahal izateko udalaren lankidetza beharrezko ikusten duzue?
Beñat: Orain arte herri-eragileekin harremanetan jarri gara eta haiekin hitz egin dugu. Lehen aipatu bezala, ideia honek hiriak duen gabezi bati erantzuten dio, hortaz, soluziobidea izan nahi da. Horregatik, gure ustez gaiari dagokionez Irungo Udalak badu zeresana eta, behar bada, zeregina. Berandu baino lehen beraiekin harremanetan jarriko gara, gure diagnosiarekin bat egiten duten ikusi eta ahal dela haiekin batera proiektua aurrera eraman nahi genukeelako.

Jendeak proiektuan parte-hartzeko duen prestutasuna neurtzeko galdetegia martxan duzue. Nolakoak izan dira orain arte bildutako emaitzak?
Maddi: Lehen-foroan jada jende asko beren denbora eskaini eta proiektuan laguntzeko gogotsu zebilela ikusi genuen. Hori ikusita, otsailaren 6ko foroan galdera zabaltzea erabaki genuen: Zertarako zaudete prest?. Galdetegi horretan hainbat lantalde proposatzen dira: komunikazioa kudeatzeko, harreman-bira eta entitateekin kontaktatzen jarraitzeko, proiektua definitzen jarraitzeko, … Kasu honetan erantzuna ere oso ona izan zen, gurekin lan egiteko prest dagoen jendea dagoela ikusi dugulako eta guretzat hori oso garrantzitsua da. Azken finean, gu Ziztaka gara, baina, Ziztaka oso handia da eta denon artean lan egitea dugu helburu.

Zeintzuk izango dira etorkizunera begira eman beharreko hurrengo urratsak?
Beñat: Hurrengo urratsak lantaldeekin loturik daude. Harreman-biraren bitartez proiektua ezagutarazten jarraitu behar dugu. Behin beharrezko zabalpena emanda, babesa lortzea izango da hurrengo pausua. Horretarako, elkarte eta norbanakoek egitasmoarekiko babesa adieraz dezaten dokumentu bat sortuko dugu. Esan bezala, udalarekin hitz egiteko gogotsu gaude eta asmoa badugu, gure diagnosia eta egitasmoa konpartitzeko. Batez ere, etorkizunari ilusioz begiratzen diogu, proiektu honek Irunen errotzeko aukera handiak dituela uste dugulako.

 

Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude