Zuregainek erizaintza-zerbitzuak etxera eta erabiltzaileen erosotasunera hurbiltzen ditu

Argazkia: Estudio Gover

Zuregain pertsonen ongizatean eta osasunaren zaintzan jarduten duen enpresa da. Erizaintzako zainketak eta teknikak eskaintzen dituzte etxez etxe, zerbitzu guztiz pertsonalizatuarekin osatuz. Pandemiarekin, mota horretako zerbitzuen eskariak nabarmen egin du gora. Oinatz Igos, Jon Aragón eta Iñigo Vicente dira sortu berri den enpresa honen bultzatzaileak.

Zein da Zuregainen helburua?
Zuregain erizaintzako eta etxez etxeko osasun-zerbitzuetako enpresa bat da, eta zaintzak pazienteengana hurbildu nahi ditu. Bizi dugun egoera honetan, ikusi dugu pertsona askorentzat arazo bat dela etxean zenbait zerbitzu jaso ezin izatea. Guk jende askok duen behar hori asetzea bilatzen dugu. Bezero partikularraz gain, enpresentzat ere lan egiten dugu. Enpresetara hurbiltzen gara eta osasun arloko hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu, hori guztia etxez etxe.

Enpresaren izenak berak adierazten du zer harreman izan nahiko zenuketen zuen pazienteekin?
Izena bat-batean otu zitzaigun. Ideia hasieratik garbi dugu, hau da, argi eta garbi genekien gure pazienteak/bezeroak zaindu nahi genituela eta horien eskaeren zain egon nahi genuela. Etxez etxe lan egiten dugu, ez daukagu kontsultarik eta gure bezeroen etxeetara joaten gara eskatzen digutenean.

Askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzue?
Hori da, dena ondo azalduta daukagu gure webgunean. Covid-19 detektatzeko probak egiten ditugu, hau da, antigenoak edo PCRak, analitikak, sendaketak, ospitalean edo etxean lagunduz. Etorkizunean fisioterapia, podologia eta beste osasun-zerbitzu batzuk ere kudeatu ahal izatea gustatuko litzaiguke.

Zuen zerbitzuen abantaila handienetako bat erosotasuna da?
Hori da, azkenean horrek erakartzen ditu guregana, ospitale batera joan beharrik ez izatean. Horrela, etxean lasai egoten dira eta, behin teknika eginda, beren errutinarekin jarrai dezakete.

Nolakoak izan dira enpresaren hastapenak?
Zaila izan da, hasierak beti baitira zalantzazkoak eta zailak. Egia da gaur egun daukagun arazo handi honekin, pandemiarekin, osasun-jarduera guztia monopolizatu dela, bai ospitale publikoetan, bai gure kasuan. Dena Covid-19arekin lotuta dago. PCR proba asko egiten ari gara, antigenoak… beraz, eskari guztiak gai horrekin lotuta daude.

Horregatik guztiagatik, pazienteekin duzuen harremana oso estua da?
Bai, hori da, gu etxera edo enpresa batera joateak familia edo lantalde osoa ezagutzea eragiten du. Hau ez da ospitale batean gertatzen. Norbaiten etxean sartzean, erabat barneratzen zara haren giroan. Gure bezeroek gu ezagutzea eta gurekin konfiantza izatea gaur egun ezinbestekoa iruditzen zaigu.

Zerbitzu horiek eskatzen dituen jendeak ezaugarri jakin batzuk ditu?
Gure profila oso zabala da eta hemendik aurrera ere horrela izango dela uste dugu. Gure zerbitzuek etengabeko zaintza behar duten pertsonentzako balio dute, hau da, iraupen luzeko arreta behar dutenak, baina unean-unean bakarrik behar gaituzten pazienteekin ere egiten dugu lan. Kasu zehatz horietan, bizkarreko arazoak dituen eta astebetez analgesia behar duen jende tipikoa izaten da. Beraz, oso profil desberdina lantzen dugu.

Gaur egun, zeintzuk dira gehien eskatzen diren zerbitzuak?
Gaur egun gehien eskatzen digutena Covid-19a atzemateko probak dira. Beste gauza batzuk ere lantzen ditugu, hala nola odol-erauzketak eta injektagarri bat edo botikak ematea ere eskatzen digute.

Osasunaren alorreko profesionalak zaretenez, nabaritu duzue jendea gehiago arduratzen dela bere osasunaz?
Pandemiaren ondorioz, gehiago baloratu da zaintza etxean jaso ahal izatea, modu indibidualizatuan. Horrek garrantzi handia hartu du denbora gutxian.

Zein da zuen zerbitzuak eskatzeko funtzionamendua?
Horretarako, Zuregain izeneko webgune propioa dugu. Bertan, gure zerbitzu guztiak azaltzeaz gain, gure kontaktuak aurkitu ahal izango dituzte interesdunek, telefonoz edo WhatsApp bidez gurekin harremanetan jartzeko. Enpresaren posta ere aurkituko dute, edozein zalantza argitzeko. Hitzordu bat zehaztu ondoren, gure zerbitzuak eskatzen dituen etxera joango gara, eta eskatutako lana egin ondoren amaitzen da gure zerbitzua.

Nola gustatuko litzaizueke etorkizunean zuen zerbitzuak zabaltzea?
Gaur egun, eskaintzen ditugun zerbitzu gehienak erizaintza-arlokoak dira. Baina etorkizunean, pazientea oso globala den ideiarekin haztea gustatuko litzaiguke, behar asko bil baititzake. Kooperatiba bat gara, eta fisioterapia, terapia okupazionala, psikologia… askotariko zerbitzuak sartu nahi ditugu gure organigraman. Beraz, mota askotako zerbitzuak eskaini nahi ditugu.

Erizaintzaren etorkizuna etxeko arretan dagoela uste duzue?
Duela urte askotatik, etxez etxeko arreta balioesten ari da. Azkenean, gauza guztietan bezala, sektore publikoak bere baliabide-mugak ditu. Guk ez dugu horrekin lehiatu nahi eta ezin dugu, ez da gure ideia. Zerbitzu horien orbitatik kanpo geratzen diren paziente horientzeko laguntza izan nahi dugu. Ez da inoiz berdin-berdina izango, baina oso antzekoa izan daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude