Pandemiaren ondorioz, Irungo Udaleko Gazteria Arloak partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan prestatutako ekimen batzuk bertan behera geratu ziren. Bada, aste hauetan, biri helduko zaie: film laburren zuzendari gazteentzako sariketari eta zeinu hizkuntzaren inguruan sentsibilizatzeko hitzaldi eta tailerrei -gainera, ikastaroa emango da-.
Gazteriako ordezkari Santi Jiménezek nabarmendu duenez, oso garrantzitsua da proiektu horiei berriro heldu ahal izatea. “Ekimen hauek bere garaian aurrera eramatea gustatuko zitzaigukeen, baina, pandemiaren ondorioz, ezin izan genuen. Zorionez, berriro hel diezaiekegu, eta uste dugu bi proiektuak, zein bere berezitasunekin, oso interesgarriak gerta dakizkiekeela gure gazteei”.
Zinea
Film laburren zuzendari gazteentzako sariketarako lanak aurkezteko epea azaroaren 15etik 26ra bitartekoa da. Sail ofiziala 18 urtetik 25 urtera bitarteko gazteentzat da, baina 12 urtetik 17 urtera bitarteko gazteek ere parte har dezakete sariketan; erakusketa sailean bakarrik, ordea. Parte hartzaile bakoitzak bi film bidali ahalko ditu gehienez, euskaraz zein gaztelaniaz, eta sail ofizialera aurkezten direnek 20 minutu iraun ahalko dute gehienez, eta erakusketa sailera aurkezten direnek, berriz, 10 minutu gehienez. Sail batean zein bestean, Gipuzkoan bizi diren gazteek parte hartu ahalko dute.
Sail ofizialeko film laburrik onenak 1.000 euroko saria irabaziko du, eta epaimahaiak beste lan baten aipamena egingo du: lan horrek 400 euro irabaziko ditu. Interesdunek gazteria@irun.org helbide elektronikoaren bitartez bidal ditzakete beren lanak, eta, informazio gehiago nahi badute, sariketaren oinarriak kontsultatu ditzakete, klikatu hemen; gazteria@irun.org helbidera idatzi; edo 943505404 eta 943505152 telefono zenbakietara deitu. Abenduaren 18an gaztelekuan egingo den ekitaldi batean, aurkeztutako lanak emango dira, eta sariak banatuko.
Zeinu hizkuntza
Gazteria Arloak iragarri duenez, zeinu hizkuntza darabilten gorren inguruan sentsibilizatzeko hamahiru hitzaldi eta tailer antolatu ditu haur eta nerabeentzat. Hamabi haurtxokoetan izango dira, erabiltzaileentzat, eta bestea, gaztelekuan.
Helburu hauek ditu Arloak: haur, nerabe eta gazteak trebatzeko estrategiak jartzea martxan; haur, nerabe eta gazteak zeinu hizkuntzarekin harremanetan jartzea eta hura ikasten hastea, egiturazko sistema ulertzeko kontzeptuen bitartez; eta zeinu hizkuntza darabilten gorren berezko kultur ezaugarrien kontzientzia harraraztea.
Gainera, A1 eta A2 mailako ikastaro bat antolatu du, 2022ko urtarril-otsailean hasiko dena. Laster emango du informazio gehiago.