Irungo Udaltzaingoak bilatzeko, atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu judiziala zuen pertsona bat atxilotu zuen igaro den abuztuaren 5eko gauean. Esku-hartzea herritarren abisu bati erantzunez abiatu zen, talde bat kalean bozgorailuekin zarata egiten eta eragozpenak sortzen ari zelako. Bertaratutako patruilek taldeko lau kide identifikatu zituzten, eta administrazio-salaketa bideratu zuten zaraten eragilearen aurka, bizikidetzako udal-araudia urratzeagatik.
Identifikazio-prozesuan, agenteek urte hasieran eskuratutako MorphoBIS identifikazio biometrikoko sistema erabili zuten. Teknika honi esker, Udaltzaingoak denbora errealean erkatu ahal izan zituen bertaratutakoen datuak Ertzaintzaren fitxategiekin. Mementorako egiaztapen horri esker detektatu zuten identifikaturiko pertsonetako batek bilatzeko eta espetxeratzeko agindu judiziala indarrean zuela.
Aginduaren indarraldia egiaztatu ondoren, agenteek susmagarria atxilotu, eskubideak jakinarazi eta polizia-bulegora eraman zuten zegozkion eginbideak bideratzeko. Jarraian, epailearen esku utzi zuten eta honek espetxeratzeko agindua gauzatu zuen.
MorphoBIS identifikazio biometrikoko sistema
Gertaera honen harira, Irungo Udaltzaingoak eta Udalak eguneroko patruilen prebentzio-lana nabarmendu dute; izan ere, kalean eragozpenak sortzeagatik abiatutako ohiko esku-hartze batek Justiziak bilatutako pertsonak aurkitzeko eta ebazpen judizialak betearazteko balio izan du. Horrez gain, Udalak herritarren lankidetza eta azkartasuna eskertu ditu, emandako abisuei esker hiriaren segurtasuna zein bizikidetza hobetzeko eraginkortasunez jardun baita.



