900 gaztek baino gehiagok parte hartu dute Irunen errepideko arriskuez sentsibilizatzeko saioetan

Irungo Udaleko Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Arloak, Bide Hezkuntzako Departamentuaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin elkarlanean, ‘Don’t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik’ ikuskizun multimediaren bi saio antolatu ditu Amaia KZn. Hiriko ikastetxeetako 15 eta 18 urte bitarteko 900 gaztek baino gehiagok eta haien irakasleek parte hartu dute ekimen honetan, ibilgailu bat gidatzean edo bide publikoan ibiltzean hartzen diren erabaki okerren ondorio larriei buruz hausnartzeko.

Iñigo Berges Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Arloko ordezkariak azpimarratu duenez, saio hauen helburu nagusia da gidatzeak berekin dakartzan arriskuez sentsibilizatzea, jokabide arduratsuak sustatzea eta istripuak prebenitzea, gazteak gidatzen hasten direnerako zein oinezko, txirrindulari edo bidaiari diren aldetik prestatuz. Lehen saioan Pio Baroja, El Pilar eta Hirubide ikastetxeetako 581 pertsonak hartu zuten parte; bigarrenean, berriz, Pio Baroja, San Vicente de Paul, La Salle eta Mendibil Prestakuntzarako Zentroko 357 ikasle eta irakaslek.

Zuzeneko lekukotasunak

Topaketetan bi zuzeneko lekukotza zirraragarri entzuteko aukera izan zen. Batetik, Xabi Udaltzaingoko agenteak Irun erdialdean izandako istripu hilgarri baten esperientzia kontatu zuen, larrialdietako eta poliziako lan-taldeentzat familia bati senide baten heriotza jakinaraztea zein gogorra den azalduz. Bestetik, Ibone Zumaiako Gorputz Hezkuntzako irakasleak ibilgailu batek harrapatu ostean ezkerreko hanka galdu izanaren esperientzia pertsonala partekatu zuen, protesi bati esker bizitza berreskuratu eta berriro kirolean (bizikletan zein surfean) nola hasi den azalduz.

Bi hizlariek prebentzio mezu argia helarazi zuten: alkohola edo drogak eta gidatzea bateraezinak direla, eta gehiegizko abiadura nahiz mugikorraren erabilerak eragindako arreta-faltak arrisku nagusiak direla gogorarazita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude