Kolore Kolore artisautza elkarteak ireki du Irungo lehen Pop Up-a. Hainbat diziplinatako eta sentsibilitatetako artisauek eta artistek egindako lana ikusaraziko duen gunea izango da. Espazio bizi eta dinamiko honetan aurkitu ahalko dira artisautza, moda, dekorazioa, altzariak eta kosmetika produktuak. Kolore Kolore Christmas Pop Up-a Fermin Calbeton kaleko 6. zenbakian dago, Collage Concept Store-ren lokalean.
Bidasoa eskualdeko eta probintziako hogei bat artistek eta artisauek eurek egindako sorkuntzak aurkeztuko dituzte Gabonetan zabalik egongo den gune honetan. Bisitatzen dutenek hemen inguruan sortutako opari originalak aurkituko dituzte. Aukera paregabea da arimaz eginiko artikuluak oparitzeko, haien sormen-prozesua eta historia egileen ahotik ezagutzen dituzun bitartean. Egun horietan, gainera, Eguberrietako ekintza tipikoak egingo dira. Esaterako, asteazken eta ostegun honetan ardo beroa eskainiko zaie Christmas Pop Up-era hurbiltzen direnei.
Parte-hartzaileak nortzuk izango diren eta noiz etorriko diren jakiteko, elkartearen Instagram kontua kontsultatzea gomendatzen da: @kolore_kolore_artesania. Parte-hartzaileak: Piki ‘s Nature, Lavinia Creaciones, Belitz, Birakari, Handmade by Joëlle, Amatxo, AmuKi, Verónica Ramírez, Decastelart, Le Muguet, Alana’ s Cotton, Ittoitta, Hiru Loretxo, Maxus, SoulSu, Gloitz, Patri Taberna, Miara Design, A Todo Hilo, El Taller de la Charo, Tukade Studio, El Alma Creativa, Lascuentaspendientes, Uda Bilbao, Kiribil, Limoi Arroxak…
Kolore Kolore Christmas Pop Up-a 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara zabalik egongo da. Egun berezietan berriz, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, etenik gabe.