San Marcial Eskaut-Gia Taldea: 45 urte Irungo haurrak balioetan eta errespetuan hezten

San Marcial Eskaut-Gia Taldea hirian euskararen erabilera sustatzeko Kalean Bai programaren parte da. Jon Ander Echeverria presidentea eta Martin Picón begiralea Irungo Eskaut-Gia taldeak gazteei eskaintzen dienaz mintzo dira.

Irunen erro luzeak dituen taldea da San Marcial Eskaut-Gia Taldea, 1978an sortu baitzen. Ia bost hamarkadaz aritu da hiriko gaztetxoenei berdintasun, errespetu eta ingurumenarekiko kontzientzia balioak transmititzen. Martín Piconek azaldu duenez, Grupo Scout Uranzu zaharraren banantzearen ondorioz sortu zen San Marcial Eskaut-Gia taldea. Jon Anderren hitzetan taldearen muin funtsezkoena balioak irakastea da: “batez ere balio tipikoak irakasteko egiten dugu lan: berdintasuna, ingurumena zaintzearen garrantzia, ikaskideen eta begiraleen arteko errespetua eta, errespetua orokorrean.” Balio horien lanketa gaur egun “funtsezkoa” dela uste du Jon Anderrek. Martin Picónek gogoratu duenez, skaut taldean haurrek beste lagun talde bat aurkitu eta sor dezakete. Antzina, eskaut taldeak gizonenak ziren eta gidenak emakumeenak, baina gaur egun Espainiar estatuan ez da ezberdintasun hori egiten, bai, aldiz, oraindik Europa iparraldeko beste herrialde batzuetan.

Taldea San Migelen elkartzen da astero, Lesaka kaleko 2. zenbakian dagoen Ranchoan. Larunbatero, 16:00etatik 17:30era. Irungo 6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteak elkartzen dira bertan, adin taldeen araberako “adarretan” antolaturik. Lau adin talde desberdin dituzte: 6-11 urte bitartekoak, 11-14 urte bitartekoak, 14-16 urte bitartekoak eta 16-18 urtekoak. Martinek azaldu duenez, adar bakoitzak bere irakaskuntza metodologia propioa du, taldearen heldutasunari egokitua. Txikienentzat “jolasa da oinarri,” balioak modu dibertigarrian ikas ditzaten. Helduagoak izan ahala, “independentzia eta eztabaida eskatzen zaie,” hau da, haien proiektuetan parte-hartze aktiboa eta erabakitzeko gaitasuna.

Bilerak astero egiten diren arren, jarduera nabarmenenak kanpamentuak eta irteerak dira. Urtero, lau kanpamentu egiten dituzte: negukoa, udaberrikoa eta udakoa, eta horiez gain, metodologia desberdina duen kanpamendu bat. Irteerak mendira, hondartzara eta beste toki batzuetara ere egiten dituzte ikasturtean zehar.

Martin eta Jon Anderrek argi utzi nahi izan dute haien errealitatea ez dela batere zineman edo telesailetan ikusten dena. “Niretzat ez du zerikusirik filmekin,” dio Jon Anderrek. “Ez ditugu mendian aske uzten hartzekin borroka daitezen,” ironizatu du. Ez dute uniforme estandarrik ezta galletak saltzen ere. “Soinean daramagun gauza bakarra zapia da. Talde bakoitzaren bereizgarri bat da,” azaldu du Martinek.

Etorkizuna eta erronkak

“Gaur egun 35 haur inguru ditugu. Gero, 8-9 begiraleko taldea gara,” azaldu du Jon Anderrek. Begirale taldea oso gaztea da, batez besteko adina 20 urtekoa baita. Belaunaldi-erreleboa bermatuta dagoela dirudi, izan ere, “haur askok komentatu digutelako taldeko kide izaten jarraitu nahi dutela.” Dena den, Martín Picónek azaldu du,  “ondo etorriko litzaigukeela taldean pixka bat zaharragoak ere izatea, uste baitugu guk izan dezakegunaz bestelako ikuspuntu bat eman dezaketela.”

Hazkundea da taldearen erronka nagusietako bat. Jon Anderren ustez, “helburu nagusia neska-mutilak erakartzea izango litzateke, gehiago hazteko eta belaunaldi gehiago izateko atzetik, taldeak askoz denbora gehiago iraun dezan.” Martin Picónek beste erronka garrantzitsu bat azpimarratu du: lokalaren egoera. San Migelen elkartzen diren gunea zaharra da, eta hobekuntza nabarmenak behar ditu. “Haurrekin lanean ari garenez, udalarekin harremanetan jarri gara, azpiegitura eta segurtasun aldetik gutxieneko baldintzak izatea beharrezkoa baita” azaldu du Picónek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude