Azaroaren 24tik abenduaren 4ra irekiko da Irungo Udal Euskaltegiak eskainitako ikastaroetan izena emateko epea. Urtarriletik martxora bitarteko ikastaro trinkoetan eta urrian martxan jarritako urritik ekaina bitarteko ikastaroetan eman ahalko dute izena interesatuek. Hala azaldu dute gaur goizean emandako prentsaurrekoan Irungo Udaleko Hezkuntza eta Gazteria ordezkaria den Sandra Caballerok eta Udal Euskaltegiko zuzendaria den Miren Tolosak.
Ikastaro trinkoan izena ematen dutenek, urtarrilaren 7tik martxoaren 30era bitartean jasoko dituzte eskolak, egunero 4 orduko klaseekin, 09:00etatik 13:15etara. Gainera, nabarmentzekoa da urritik ekaina bitarteko zenbait taldetan plaza libreak daudela eta matrikulaldi honetan ere talde horietan txertatzeko aukera emango dela. Azken ikastaro horietan, astean 5 orduko klaseak eskaintzen dira.
Sandra Caballerok azaldu duenez, “Udal Euskaltegitik euskararen ikaskuntza erraztu nahi dugu, eta horregatik eskaintzen ditugu urtero ikastaro trinkoak, ordutegi eta maila desberdinekin”. Ordezkariak gehitu duenez, “eskaintza zabal horri esker, gure zerbitzu publikoa hurbildu eta pertsona bakoitzaren egoera pertsonal, laboral eta profesionaletara egokitu dezakegu, bai ikasi nahi duenarentzat, bai euskara hobetu edo titulu bat lortu nahi duenarentzat”.
LANNAHI egitasmoaren onuradunek 20 euro ordainduko dituzte ikastaro trinko bakoitzeko.
Eskaria egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Izen-ematea egin ondoren, mailaketa proba egiteko 943 50 52 73 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.
Izen emateko sistema berria
Aurten, Udal Euskaltegian ikasleak onartzeko prozeduran berrikuntzak izan dira. Udal Euskaltegiak eskaintzen dituen ikastaroetan onartuak izan nahi dutenek eskaria telematikoki aurkeztu beharko dute Irungo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez edo hirian zehar kokatuta dauden autozerbitzu terminalak erabiliz. Horretarako, sinadura elektronikorako sistemaren bat (Irun Txartela-BAKQ…) erabili beharko dute.



