Astelehenean irekiko da LANNAHI programaren bigarren txandan parte hartzeko izen ematea

Irungo Udal Euskaltegiak jakinarazi du urtarrilaren 7tik apirilaren 11ra egingo dela LANNAHI programaren bigarren txanda. Programan izena eman nahi dutenek horretarako aukera dute azaroaren 25etik abenduaren 9ra. Izenematea internet bidez egin beharko dute SAC24h webgunea edo hirian zehar kokatuta dauden autozerbitzu terminalak erabiliz.

Ekimenaren helburua langabezian dauden pertsonen artean euskararen ezagutza sustatzea da, euskaltegian bertan emango diren doako euskara eskolen bidez. Bigarren txandako ikastaroa urtarrilaren 7an hasi eta apirilaren 11n bukatuko da. Goizeko txandan izena ematen dutenek lau orduz arituko dira euskara ikasten eta arratsaldeko txandetan, aldiz, 3 orduz.

Izen ematea egiteko, Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk (NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.) erabili beharko dira.

Eskaria egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba egiteko 943 50 52 73 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.

Bete beharreko baldintzak

Ikastaroa doakoa izateko bi baldintza bete behar dira. Batetik, Lanbiden lan eskatzaile bezala inskribatua egotea. Bestetik, langabezian egotea, % 50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren % 50 ez gainditzea.

LANNAHI programan sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten hiritarrek ikastaro trinkoak egin ahalko dituzte ohiko matrikula ordainduz. Tokia egonez gero, urrian martxan jarritako arratsaldeko astean bitako taldeetan ere izena eman ahalko da. Ordaindutako kopurua udalak urtero ateratzen duen beka deialdiaren bidez berreskuratzeko aukera izango dute ikasleek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude