Bidasoa Xake Klubak Irungo Nazioarteko II. Xake Opena aurkeztu du, abenduaren 4tik 8ra bitartean Carlos Blanco Aguinaga Udal Liburutegian jokatuko den txapelketa. Aurkezpenean izan dira Ibon Muñoz klubeko ordezkaria, Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkaria, Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Julen Rodriguez Gipuzkoako Xake Federazioko presidentea eta Miguel Angel Muela Euskadiko Xake Federazioko presidentea —Zaisako gerente Luis Kortak ezin izan du bertaratu—.
2019an Bidasoa eskualdean xakea sustatzeko sortu zen klubak —gaur egun 150 ikasle baino gehiago ditu Lope de Irigoyen kaleko egoitzan— jauzi kualitatibo handia eman du iazko lehen edizioaren ostean (104 parte-hartzaile izan zituen): izena emateko epea ixteko astebete falta denean, dagoeneko 140 jokalarik baieztatu dute parte-hartzea (160 laguneko edukiera du gehienez).
17 herrialdetako (Espainia, Frantzia, Alemania, Grezia, Hungaria, India, Italia, Mexiko, Suitza, Venezuela, Aruba, Kolonbia, Cabo Verde, Kuba, Argentina, Zipre eta Peru), 13 probintziatako eta 40 klubetako kirolariak lehiatuko dira Irunen, eta datu horiei esker, Gipuzkoako nazioarteko txapelketarik garrantzitsuena eta Euskadiko bigarrena izango da aurten. Gainera, emakumezkoen parte-hartzeak nabarmen egin du gora, iazko 11 jokalarietatik egungo 27ra igarota. Aurtengo berritasun nagusia bi multzo bereiztea izango da (A eta B), eta A multzoak nazioarteko erreferentziazko maila izango du: 2.183 puntuko batez besteko ELO FIDEa eta 2.100 puntutik gorako 31 jokalari. Halaber, Gipuzkoako Federazioko teknifikazio-taldeko 12 jokalarik (erromesentzako aterpetxean hartuko dute ostatu) eta Santurtziko Xake Klubeko 30 jokalarik parte hartuko dute, eta jokalari nagusiak Alcazar hotelean egongo dira.
Txapelketaren egitura
FIDEk baliozkotutako txapelketak 7 txanda izango ditu 5 egunetan —90 minutu gehi 30 segundoko erritmoan—, eta 12.000 euro banatuko ditu saritan, 13 garaikurrekin batera. Partidak ostiralean, abenduak 4, hasiko dira 17:30ean; larunbatean eta astelehenean 10:00etan eta 16:30ean jokatuko dira; igandean atsedenaldia izango da goizean eta 16:30ean txanda berria; eta asteartean, abenduak 8, 10:00etan jokatuko da azken jardunaldia, sari-banaketa 14:00ak aldera egiteko. Publikoak bertatik bertara ikusi ahal izango du lehia antolakuntzaren arauak errespetatuz, eta lehen 8-10 tauletako partidak zuzenean emango dituzte.
Txapelketa nagusiarekin batera, bi jarduera osagarri antolatu dituzte igande goizerako, abenduak 6, 10:30ean: batetik, zaleentzako xake azkarreko txapelketa La Salle elkartean (50 plaza, edozein mailatarako irekia, webgunearen bidez izena emanda); eta bestetik, aldibereko partidak Irungo Atsegiña elkartean, non Petra Papp hungariar Maisu Handi Emakumezkoak (WGM) eta 18 urterekin Gipuzkoako txapeldun absolutu izendatu berri den Ibon Muñoz irundarrak 20na aurkariren aurka jokatuko duten aldi berean (info@openciudadirun.com helbidean eman daiteke izena). Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Irungo Udalari, Aldundiari, federazioei, Zaisa babesle nagusiari, La Salle eta Irungo Atsegiña elkarteei —jokalarien otorduak hartuko dituzte— eta CBA liburutegiko Iñaki Ceberio eta lantalde osoari emandako laguntzagatik.



