Julián Sánchez parkeko petanka-pista estali eta El Carmen eremuko irisgarritasuna hobetuko du udalak

Cristina Laborda Irungo alkateak atzo, osteguna, azaroak 26, prentsaurrekoan aurkeztu zituen hiriko auzoetako bizi-kalitatea hobetzera bideratutako bi jarduera berri: Julián Sánchez parkeko petanka-pistetako bat estaltzea eta El Carmen eremuko irisgarritasuna hobetzeko proiektua idaztea. Bi ekimenek auzotarrek egindako eskaerei erantzuten diete, espazio publikoak egokitzeko eta mugikortasuna errazteko helburuarekin.

Alkateak nabarmendu zuenez, auzo bakoitzak bere behar propioak ditu, eta ezinbestekoa da bertako bizilagunen iritziak entzutea: «Petanka-pista estali bat edukitzeak edo etxebizitzen inguruan errazago mugitu ahal izateak zuzeneko eragina dute pertsonen bizi-kalitatean, batez ere adinekoen kasuan».

Petanka-pistarako estalkia

Julián Sánchez parkeko petanka-pista estaltzeko obrek 139.933,59 euroko lizitazio-aurrekontua dute (BEZ barne) eta hiru hilabeteko egikaritze-epea. Proiektuak 105 metro karratuko egitura bat instalatzea aurreikusten du, parkean jada dauden egituren diseinuari eta polikarbonatozko akaberari jarraipena emanez, eta mendebaldeko aldea partzialki itxita izango du ipar-mendebaldeko haizeaz babesteko. Gainera, eremu estali gehigarri bat gaituko da ondoan dauden bi eserlekuak bertara lekualdatzeko, kontsumo txikiko bost LED proiektore jarriko dira eta udal-sarera konektatutako euri-urak biltzeko sistema bat ezarriko da, erabiltzaileek urte osoan zehar eguraldi txarrarekin ere jokatu ahal izan dezaten.

Irisgarritasun hobearen bila

Bestalde, Udalak urrats berria eman du El Carmen eremuko irisgarritasuna hobetzeko, alternatibak ikertzeko eta egikaritze-proiektua idazteko kontratua UZARCH SLP enpresari esleituta, 33.616 euroan (BEZ barne). Jarduera Santa Margarita Ospitalea eta Olaketa kaleen arteko eremuan kokatzen da —bertan 11 etxebizitza-bloke eta Iraun haur-eskola daude—, eta hiru fasetan garatuko da: lehenik eta behin, irisgarritasun-gabeziak identifikatzeko diagnostikoa egingo da; bigarrenik, antzemandako zailtasunei aurre egiteko hiru konponbide proposatuko dira; eta Udalak aukeretako bat hautatu ondoren, behin betiko dokumentu teknikoa idatziko da, gerora obrak lizitatzeko oinarri izango dena. Kontratuak bost hilabeteko epea du guztira: bi hilabete diagnostikorako eta aukerak aztertzeko, eta hiru hilabete proiektua idazteko (adostasun-epeak kontuan hartu gabe).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude