Petankan denbora-pasa

Ohikoa izaten da herrietan jubilatu taldeak petankan jolasten ikustea. Bidasoaren beste aldean tradizio handia du bola-jokoak, baina Irunen ere badira petankan arituak eta adituak. San Migel auzoko futbol zelaian aspaldi hasi ziren elkartzen. Gaur egun, bertan dagoen parkean pista dotorea daukate.

Copia de PETANKA_Irunero 203

Arratsaldeko laurak aldean elkartzen dira ia egunero petanka pistan. Bat edo beste, beti egoten da norekin jokatu. Ohiko uniformea nahaste bitxia izaten da: kirol oinetakoak, galtza luzeak, alkandora laukidunak eta gazte itxura ematen duen bisera. Denak gizonezkoak dira, adin ezberdinetakoak. Binaka edo hirunaka jokatzen dute. Baina bi multzo nabaritzen dira: langileak eta jubilatuak. Bigarreneko kide da Sebastián López. Hirurogeita hemeretzi urte ditu, eta taldeko beteranoetako bat da.
“Arratsaldea pasatzeko jolasten gara, beste helbururik gabe”, adierazi du.
Zaila da jakitea zenbat denbora daramaten petankaren inguruan elkartzen. Sebastián López duela hamar urte inguru hasi zen San Migeleko futbol zelaira jaisten. Baina azaldu du bere aurretik zerrenda luzea izan zela: “Pinarren urteak zeramatzaten petankan jolasten. Ni hasi nintzenean, San Migeleko futbol zelaian aritzen ginen. Ondoren, parkea eraiki zutenean, pista berria egin ziguten”. Eskakizun gehiago dituzte, hala ere, Irungo Udalarentzat. Neguko egun euritsuetarako, aterpe bat nahi lukete pistaren gainean. “Baina benetan premiaz behar duguna komuna da. Pixa egiteko sasietara joan behar izaten dugu”, azaldu du Lópezek.
Proventzatik San Migelera
XX. mendearen hasieran sortu zen petanka Proventzan, Frantzia hegoaldean. Bertatik mundu osora hedatu da denboraren poderioz. Frantziatik kanpo, Kataluniako kostaldean adibidez, petankan aritzeko ohitura handia dagoela baieztatu du Lópezek. Denbora pasatzeko modu aproposa dela uste du irundarrak: “Edadetuen hobbya da batez ere”.
Aurreiritziez harago, moduan praktikatzen duenik ere bada Irunen. Club Petanca Txingudi Elkarteak federatzeko eta lehiatzeko aukera ematen du. San Migeleko jokalariek, berriz, ez dute halako helbururik. “Lehiaketak egin izan dira, baina nik ez dut inoiz parte hartu. Luzeegiak dira”, dio.
Petankaren oinarria ulertzen erraza da. Zurezko bola txiki bat botatzen du lehenengo jokalari batek. Ondoren, metalezko bola handiak banaka jaurti, eta txikiarengandik ahalik hurbilen utzi behar dituzte parte-hartzaileek. Aurkariarena urruntzea ere izan daiteke jaurtiketaren helburua. Teoria sinplea den arren, praktika eskatzen duela adierazi du Lópezek: “Ez dago taktika magikorik. Jardunaz ikasten da”. Denboraren poderioz, jokalari trebeak eman ditu San Migel auzoko pistak. Batzuek bolak jaurtitzen segitzen dute. Baina badago jokoa eserita jarraitzen duenik ere: adinak ez du barkatzen. San Migeleko beteranoenek pistaren ondoko bankuan daukate eserlekua. Makulua alde batean utzita, lagunak animatzea dute ohitura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude