Gabonetako Krosak kirola eta Eguberri giroa elkartuko ditu abenduaren 18an

Abenduaren 18an Super Amara Gabonetako Krosak Eguberrien bezperan elkartuko ditu lasterkariak. Probaren 7. edizioa izango da. Lasterketa arratsaldeko 15:30etan hasiko da, Luis Mariano inguruan, txikien lasterketarekin. 16:45etatik aurrera, berriz, helduen txanda izango da eta 5 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik.

Bidasoa Altetiko Taldeko Iñigo Eseverrik azaldu duenez, aurtengo ibilbidean ez da aldaketarik izan aurreko urteekin alderatuta. Lasterketa Colon pasealekuan hasi eta Luis Mariano oinezkoentzako gunean amaituko baita. Izen-emateak zabalik daude kirolprobak.com webgunean eta atletismobat.com klubaren webgunean. Dortsalak, berriz, Palmera Monteroren eraikinean jasoko dira abenduaren 17an, ostirala, 17:00etatik 21:00etara, eta abenduaren 18an, larunbata, 10:00etatik 12:30era.

Aurten ere, banakako zein taldekako sailkapenak izango dira: gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoak. Proban, gainera, 6 edizioetako 3 irabazleek parte hartuko dute eta probaren errekorra gainditzen saiatuko dira, gaur egun 14 minutu eta 56 segundotan dagoena.

Emakumeen parte-hartze handia
Iñigo Eseverrik Iñigo Lavado lasterketaren aurkezpenean azpimarratu duenez, helduen karreran parte hartzaileen % 34 inguru emakumezkoak dira. “Emakumezkoen ehunekoa handi samarra da, eta, bestalde, parte-hartzaileen batez besteko adina txikia da”, azaldu du Bidasoa Altetiko Taldeko ordezkariak. Hori dela eta, oso karrera gaztea izango da eta emakumeen partaidetzak kirol probetan gero eta handiagoa dela erakusten du. “Hori mantendu eta hobetu nahi dugu etorkizuneko edizioetan”, gaineratu du Eseverrik.

Lasterketa txikia
Bost kilometrotako lasterketaren aurretik, 1 eta 11 urte bitarteko umeentzako doako lasterketa antolatu du berriro BATek. Guztira, 500 izen-emate eskaini dira adin tarte horietarako. Haurrek Super Amararen hamaiketako osasungarri bat jasoko dute, baita Cuetarak eskainitako galleta batzuk eta parte hartzeagatik ematen den litxarreria poltsa bat ere. Maider Izagirre Super Amara taldeko ordezkariak azaldu duenez, “Super Amarak eta Bidasoa Atletiko Taldeak balio berberak ditugu”. Beroketa-sistema errepikatuko da, BATeko monitoreen bidez, eta haurrak beren irteeretara eramango dituzte.

Euro solidarioa
Ekitaldi honek bere zati solidarioa du, non Bidasoa Atletiko Taldeak proban izena eman duen lasterkari bakoitzeko euro bat ematen dion izaera solidarioko antolakunde ezberdin bati. Aurten, Bidasoa Atletiko Taldeko zuzendaritza-batzordeak erabaki du dohaintza hori Diabetescero elkarteari ematea. Haurren probarako izen-ematea doakoa bada ere, gurasoek Diabetescero elkartearen jardueran laguntzeko diru ekarpenak egin ahalko dituzte.

Ana Esgueva Diabetescero elkarteko ordezkariak lasterketaren aurkezpen ekitaldia aprobetxatu zuen diabetesa zer den eta mota desberdinak zeintzuk diren azaltzeko. Daibetescero elkarteko ordezkariak azaldu duenez, horrelako egitasmoek diabetesarentzako sendaketa aurkitzeko ikerketak laguntzen dituzte. “Horrelako ekintzek gaixotasuna ikusarazten laguntzen digute”, adierazi du Ana Esguevak, diabetesa, kirola eta bizimodu osasungarriaren arteko lotura estua dela gogoratuz.

Pandemiari aurre egiteko neurriak
Pandemiaren egoera dela eta, korrikalariei erantzukizuna eskatzen zaie ekitaldia egiten den bitartean. Gainera, Bidasoa Altetiko Taldeak neurri bereziak hartu ditu probaren egunean lasterkari, antolatzaile eta ikusleen segurtasuna bermatuta egon dadin. Besteak beste, gel hidroalkoholikoa eta maskarak erabili beharko dira idazkaritzan, kontsignan, helmugan eta anoa postuan. Zehazki, maskara uneoro erabili beharko da, korrika egiteko momentuan izan ezik. Lasterketa hasi aurretik, korrikalariak irteera-kaxetan banatuko dira, ahal den neurrian, parte-hartzaileen arteko distantzia mantendu dadin.

Zazpigarren edizio honetan anoa poltsa itxi batean banatuko zaie lasterkariei. Dena den, lasterketan anoa postu solidoak ezabatu dira kontaktu handiko tokiak murrizte aldera. Hala ere, lasterkariek ibilbidean ura edateko aukera izango dute. Era berean, jendea asko elkartu ohi den lekuetan korridoreak sortuko dira, pertsona fluxuak egoki bideratu eta pilaketak saihesteko. Astebete lehenago lasterkariei mezu bat bidaliko die lasterketaren antolakuntzak arau eta neurri hauek guztiak gogorarazteko.

Bestetik, Bidasoa Altetiko Taldeak dortsalak banatzeko orduan sistema berritzaile bat jarriko du martxan. Izan ere, inskripzio-egiaztapena egiteko QR kodea erabiliko da, izen-ematea egiterakoan korrikalariei banatu zaiena. Horrela, dortsalak banatzerakoan pertsonen arteko kontaktua murriztu nahi da. Era berean, dortsalak lasterkariak berak edo korrikalariak hautatutako norbaitek jaso ahal izatea erraztuko du. BATek sistema berri hau probatuko duen lehen aldia da. 7. Gabonetako Krosa izango da eta, ondo funtzionatzen duela egiaztatzen bada, klubak aurrerantzean antolatuko dituen lasterketetan erabiltzen hastea aurreikusita dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude