Denboraldiaren balorazio baikorra egin du Leka Eneak

Bederatzi talde izan ditu aurten Leka Eneak mahai-teniseko ligetan. Talde bana ia kategoria guztietan. Elkarteko kideak pozik daude Superdibisioetako talde nagusiek lortutako emaitzarekin. Baina harro begiratzen diete, batez ere, gainerako kategorietan ari diren haur eta gaztetxoei. Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroa fruituak ematen ari da.

lekaeneataldea

Denboraldiko aurreikuspen onenak bete ditzakete Leka Enea mahai-tenis elkarteko talde nagusiek, hurrengo sasoian Europa mailan jokatzeko sailka daitezke Superdibisioko bi taldeak. Mutilek jada lortu dute txartela. Neskek, berriz, lehia bizia izango dute oraindik azken bi jardunaldietan. Sailkatzea lortzen baldin badute, denboraldiaren balorazio bikaina egin ahal izango du Leka Eneak. “Dauzkagun jokalariekin, bosgarren postutik gora gelditzea pentsaezina da guretzat”, argitu du elkarteko jokalari eta entrenatzaile den Fernando Garcíak. Horregatik, Europa mailan aritzeko sailkatzea arrakasta handia da Leka Enearentzat: “Kontuan hartu behar da oinarrizko helburua maila mantentzea dela, ez baita erraza. Berdintasuna ikaragarria da Superdibisioetan”.
Leka Enearen erreferentzia edo ikur nagusi dira Superdibisioetako taldeak. Hala ere, beste zazpi talde ditu elkarteak gainerako kategorietan. Adinari dagokionez, mahai-teniseko ligak irekiak dira. Beraz, jokalari gazteak eta beteranoak uztartzen ditu Leka Eneak taldeetan. Esate baterako, Fernando Garcíak Euskal Ligan jokatzen du: “Elkarteko bospasei beterano elkartzen gara urtero, eta taldea ateratzen dugu”. Mahai-tenisean, adina baino gehiago, entrenatzen emandako orduak begiratu behar direla azaldu du Garcíak: “Hamabi urteko haurrak berrogeita hamar urtetik gorakoen kontra irabazten ikus ditzakezu”. Ligez gain, adin maila bakoitzeko txapelketak egiten dira. Horietan, Leka Enea elkarteko jokalariak maiz izaten dira podiumetan. “Taldeka irabazten dugu batez ere, jokalari asko ditugulako”, aipatu du Garcíak.
Mahai-tenis eskolan ehun haur baino gehiago hartzen ditu Leka Eneak. Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroak elkartearen aukerak handitu dituela adierazi du Garcíak: “Azpiegitura ikaragarria da, Europako onenetarikoa”. Gainera, entrenatzaile titulazioa duen neska-mutilen multzo handia du elkarteak. Harrobia lan-tzeko baldintza onak ditu, beraz, Leka Eneak. Haien lehentasuna dela baieztatu du Fernando Garcíak. Dirurik ez dagoenean, gaztetxoen taldeetan egin ohi dituzte murrizketak talde askok. Kontrakoa egin izan du Leka Eneak. “Ligako txapeldunorde izan ginenean, Europa mailako izar bat fitxatu eta txapeldun izaten saiatzeko aukera izan genuen”, Gogoratu du Garcíak. Nahiago izan zuten dirua harrobian inbertitu: “Azpiegitura honekin, jokalari onak aterako dira, seguru. Baina denbora behar da. Superdibisioko jokalari bat hazteko, hamar urte behar dira gu-txienez”.

ENDIKA DIEZ

Estatuko iparraldeko haurrik onenak bildu ditu Leka Eneak Aste Santuan

Bi kontzentrazio hartu ditu Leka Enea elkarteak Sonia E-txazarretan, Aste Santuko oporrak baliatuta. Espainiako Federazioak antolatuta, Estatuko iparraldeko eremuko haurrak bildu dira beheko solairuan. 2003-2004. urteen artean jaiotako neska-mutilek parte hartu dute. Federazioko entrenatzaileek eta selekzioko jokalariek trebatu dituzte. Helburuaren berri eman du Fernando Garcíak: “Arlo teknikoa eta entrenamenduen prestaketa landuko dituzte batez ere”. Goiko solairuan Euskadiko Federazioaren kontzentrazioa izan da. 2002tik aurrera jaiotako jokalariek parte hartu dute.

Astelehenetik ostegunera arte egin dituzte kontzentrazioak. Denbora horretan Irundik kanpoko jokalariek Martindozenea aterpetxean hartu dute ostatu. Ostiralean, apirilaren 2an, Estatuko iparraldeko eremuko zirkuituko txapelketa antolatu du Leka Eneak. 200 parte-hartzaile izan dira, alebin mailatik 23 urtez azpikora. Sonia Etxazarretan eta Artaleku kiroldegian lehiatu dira. Lau proba izango dira guztira zirkuituan. Kategoria bakoitzeko zortzi onenek finala jokatuko dute Irunen, ekainean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude